Aireportu

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Kontrol-dorredun aireportu baten marrazkia

Aireportua batez ere hegazkinek aireratu edo abiatzeko eta lurreratzeko erabiltzen duten tokia da; hegazkinez gain, beste aireontzi batzuek ere erabiltzen dituzte, helikopteroek, adibidez. Bidaia bat hegazkinez egiten dugunean, aireportura joaten gara hegazkina hartzera, eta hegaldiaren ondoren, hegazkina beste aireportu batera iristen da. Gainera, hegazkinek aireportuetan hartzen dute hegan egiteko behar duten erregaia, eta hantxe egiten zaie ondo funtzionatzeko behar duten mantenimendua. Bestalde, hegazkin guztiek ez dituzte bidaiariak garraiatzen: batzuek era guztietako zamak besterik ez dituzte eramaten; merkataritzarako gune garrantzitsu bat izaten dira horregatik.

Aireportua bi zatitan dago bereizia:

  1. Hegazkinentzako gunea: pista (aireratzerako eta lurreratzerako), errodajerako pista, hangarrak (hegazkinak gordetzeko estalpeak) eta hegazkinen aparkalekuak.
  2. Bidaiarientzako eraikina: bidaiarien terminala, merkataritza eremua, aduanak, zerbitzuak, automobilen aparkalekuak etab.

Aire-zirkulazioaren kontrola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontrol-dorreek antolatzen eta zuzentzen dituzte aireontzien mugimenduak, bai lurrean daudenean eta baita aireko espazioan aerodromotik hurbil daudenean ere. Gainera, lurreratzeko eta aireratzeko baimena ematen dute, eta baimen hori gabe hegazkinak ezin dira ez lurreratu ezta aireratu ere. Kontrol-dorre hauek ikuseremu zabala duten tokietan kokaturik egoten dira, aireportuan gertatzen dena kontrolatu ahal izateko. Hala ere, aireportu guztiek ez dute izaten kontrol-dorrerik; lurreratzeko eremu eta tamaina txikia dutenek eta garrantzi txikiko aireportuek ez dute, adibidez. Aerodromo hauetan hegaldiei buruzko informazioa ematen da eta ez kontrolari buruzkoa.