Vikidiatik

Alexander von Humboldt

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Alexander von Humboldt, 35 urte zituenean. Friedrich Georg Weitsch margolariak honela irudikatu zuen Humboldten ikerketa Hego Amerikan.

Alexander von Humboldt Prusiako naturalista bat izan zen. Berlinen jaio zen, 1769an.

Geografia, astronomia, ozeanografia, biologia eta beste hainbat alorretan aritu zen. Geografia modernoaren aita dela esaten da eta Alemaniako eta Hego Amerikako zientzialari ospetsuenetakoa da.

Haren anaia nagusi Wilhelmek eta berak tutore pribatuen bitartez etxean ikasi zuten. Wilhelm politikari eta hizkuntzalari ezaguna bihurtu zen.

Hasieran, Alexander von Humboldtek meatzaritzako aditu bezala lan egin zuen, nahiko arrakasta handiz: berak izan zituen ideia onengatik, meategietatik diru askoz gehiago irabaztea posible izan zen. Hala ere, urte batzuk geroago dirua herentzian jaso zuen, eta, hala, beste herrialde batzuetan ikerketak eta bidaiak egin ahal izan zituen.

Haren bidaia ezagun eta garrantzitsuenak Hego Amerikara, Mexikora eta AEBtara eraman zuen. Bost urtez landareak, animaliak eta mineralak ikertu zituen. Aurkikuntzak izendatu eta deskribatzen zituen. Humboldt, hala, zientzialari ospetsua bihurtu zen. Geroago, Parisen bizi izan zen hainbat urtez.

Bere bizitzako azkeneko urteetan ezin izan zuen gehiago bidaiatu, baina bere ametsetako bat bete ahal izan zuen: lur planeta osoa deskribatzea. Haren liburua “Kosmos” deitzen zen eta lau zatitan argitaratu zuen, ale lodietan. Lan honek laudorio asko jaso zituen. 1859. urtean hil zen, liburua bukatu gabe zeukala. Urte batzuk geroago, hil aurretik idatzita utzi zuena azkeneko atal batean argitaratu zuten.

Alexander von Humboldtek hainbat gauza izendatu ditu, Humboldt itsaslasterra esate baterako; hau itsaslaster bat da, ura Antartikatik Hego Amerikara eramaten duena. Hortik gertu, Humboldt pinguinoa bizi da. Laster Berlinen Humboldt-Foruma irekiko dute, hori izango baita Berlin hiriko jauregi berriko museoen izena.

Argazki batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]