Altzairu

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Altzairua metal bat da, eta burdinari karbonoa nahasiz lortzen da; nahaste horri "aleazio" esaten zaio. Burdinari erresistentzia handiagoa emateko gehitzen zaio karbonoa, batik bat.

Koilara batzuk altzairuzkoak dira.

Gaur egun 2.500 altzairu-mota baino gehiago dago; izan ere, halako ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu, eman nahi zaion erabileraren arabera. Adibidez, idazlumen muturreko lumatxoak egiteko, oso altzairu malgua behar da. Aldiz, eraikinak egitean hormigoia sendotzeko, altzairu gogorra erabiltzea komeni da. Autoak eta makinak egiteko ere, erresistentzia handiko altzairua erabiltzen da. Eta bada altzairu-mota bereziki gogor bat, bizarra mozteko xaflak edo beste tresna batzuk egiteko erabiltzen dena.

Gauza askotarako erabiltzen da altzairua. Aleazio hori gabe, ez genuke izango ibilgailurik, ez hegazkinik, ez armarik, ez zubirik, ez eta gaur egungo etxe asko ere.

Gure eguneroko bizitzan oso ohikoa den altzairu-mota bat altzairu herdoilgaitza da; material horrexekin eginda daude, ia seguru, gure etxeetako koilarak, aiztoak eta sardexkak, freskagarrien eta kontserben potoak, kanilak eta etxetresna elektrikoen atal batzuk, besteak beste.

Altzairua noiz asmatu zen jakitea ezinezkoa da. Baina jakin badakigu arabiarrek duela 2.000 urte baino gehiago jada erabiltzen zutela Damaskoko altzairu ospetsua.