Amerika

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Amerika, munduko mapan.
Kontinenteak, Petersen proiekzioan.

Amerika Ozeano Atlantikoaren eta Ozeano Barearen artean dagoen kontinentea da; oso kontinente zabala da. Ia 42 milioi metro koadro da, eta Asia besterik ez da hura baino handiagoa. Kanadatik (N) Suaren Lurralderaino (S) heltzen da. Kontinentearen inguruan, ozeano Atlantikoa (E), ozeano Barea (W), ozeano Antartikoa (S) eta ozeano Artikoa (N) daude.

Natura aldetik, oso aberatsa da. Erliebea, klima, flora, fauna eta ura dira kontinentearen oinarrizko ezaugarriak, bai eta baliabide iturri nagusiak ere. Naturaz aberatsa denez gero, kontinentean klima gehienak izaten dira, hotzenetatik beroenetaraino. Ez da falta klima heze-hezerik edo lehor-lehorrik ere. Klima horiei eta lur azpiko mineralei esker, hainbat jarduera ekonomiko jorratzen dituzte amerikarrek: nekazaritza, abeltzaintza, meatzaritza eta lehen sektoreko beste batzuk (arrantza, esate baterako).

Geografiaren arabera, hiru zati ditu: Ipar Amerika, Erdialdeko Amerika eta Hego Amerika. Hizkuntza edo kultura nagusien aldetik, bi dira aldeak: Latinoamerika eta Amerika anglo-saxoia (Kanadan, frantsesez ere hitz egiten dute).

Planetaren historian, baldintza klimatiko eta geologikoen arabera, hainbat migrazio heldu omen ziren Amerikara, lehorretik zein itsasotik. Hala, XV. eta XVI. mendeetan Bretainia Handia, Espainia, Frantzia eta Portugal Amerikan koloniak eratzen hasi zirenerako, hainbat herri eta kultura aurkitu zituzten lur haietan errotuta: maiak, aztekak, inkak eta beste hainbat (esaterako, iparrean). Kolonizatzaileek euren erlijioa, kultura, hizkuntza eta bestelako ohiturak inposatzearen edo ekartzearen ondorioz, nahasketa handia gertatu zen kontinentean, bertakoen eta arrotzen artean. Egoera hori gaur arte heldu da. Batzuetan, kultur elkarbizitza hori ez da izan oso baketsua.

Aurkikundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuen arabera, bikingoak izan ziren Amerikara iparretik heldu ziren lehen europarrak. Vinland deitzen zioten aurkitutako lur horri (gaur egungo Kanada). Historialarien arabera, 1492an heldu zen lehen espedizio ezaguna kontinentera. Kristobal Kolon almiranteak gobernatzen zuen, Espainiako errege-erreginek ordainduta. Indiarako bide laburrago bat aurkitzea zen bidaiaren helburua, espeziak eta beste aberastasun batzuk ekartzeko.

Amerigo Vespucci italiarrari zor dio izena Amerikak, nahiz eta kontinentera Kolon baino beranduago heldu (1501. urtean).