Andres Urdaneta

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Andres Urdaneta
Andres Urdaneta
Andres Urdaneta, Aialde margolariaren lana
Datu pertsonalak
Izen osoa Andres Urdaneta Zerain
Jaio 1508
Ordizia, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Hil 1568ko ekainaren 3a
Mexiko Hiria (Mexiko)

Andres Urdaneta (Ordizia, Gipuzkoa, 1508 - Mexiko, 1568) kosmografoa, Erromatar Eliza Katolikoko apaiza, esploratzailea eta marinela izan zen. Ospe handia hartu zuen bere garaian, orduko merkataritzarako berebiziko garrantzia zuen Itzulbidaia (gaztelaniaz, Tornaviaje) egiteko bidea edo Urdaneta bidea aurkitu baitzuen, hau da, Ozeano Barea zeharkatuz Filipinetatik Ameriketara itzultzeko ibilbidea.[1] Bi bidaia garrantzitsu egin zituen:

  • Loaisaren Espedizioa (1525-1537).
  • Legazpiren Espedizioa (1564-1566).

Bere jaioterrian, Ordizian, Andres Urdanetaren estatua eraiki zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manilatik (Filipinak) Acapulcora (Mexiko)
Fitxategi:Urdaneta-karbonzillo-txikia.jpg
Andres Urdaneta, Jose Sarriegiren lana
Fitxategi:Andres Urdaneta monumentua, Urdaneta City, Philippines.jpg
Andres Urdaneta monumentua, Urdaneta hiriko udaletxe aurrean (Pangasinan, Filipinak)

Andres Urdaneta Ordizian (Gipuzkoa) jaio zen 1508an (batzuen ustez Oiangu baserrian) eta Mexikon hil 1568an. Aita Juan Otxoa de Urdaneta zen eta ama, berriz, Gracia Zerain. Aita Ordiziako alkate izan zen 1511n, behintzat, eta amaren aldetik, Legazpiren ahaide zen.[2] Ospe izugarria hartu zuen bere garaian, Itzulbidaia egiteko bidea aurkitu zuelako, hau da, Ozeano Barea mendebaldetik ekialdera zeharkatzeko bidea, Filipinetatik Ameriketara itzultzeko.[3]

1525ean 17 urte zituen eta García Jofre de Loaisak Moluketara eginiko bigarren espedizioan laguntzaile gisa ontziratu zen Juan Sebastian Elkano getariarrarekin batera. Magallanes itsasartean ontzia hondoratu egin zitzaien eta, zenbait egun lehorrean egin ondoren, atzetik zetozen ontzietan sartu beharra izan zuten. Eskorbutoak Elkano eta beste kide batzuk hil zituen. Elkanoren testamentua sinatu zuen testiguetako bat bera izan zen. Moluketara iritsita, Tidor uhartean gotorleku bat eraiki zuten. Gaztela eta Portugalen artean sinatutako akordioaren arabera (Tordesillasko ituna izenekoa), hura portugesei zegokien lurra zen eta, arrazoi horrexegatik, portugesek espedizioari eraso eta ontziak suntsitu egin zizkieten.[4] Borrokek luzaro iraun zuten eta Urdaneta zauritu egin zuten. 1529an, bakea sinatu zutenean, Karlos I.a Espainiakoak, Espainiako erregeak, Molukak Portugalen esku utzi zituen eta Urdaneta eta beste guztiak itzuli egin ziren. 1534a zen eta Urdanetak 26 urte zituen.

1535eko otsailaren 15ean abiatu zen eta 1536ko ekainaren 26an heldu zen Lisboara. Bertara iritsi bezain laster, portugaldarrek zeramatzan agiri guztiak konfiskatu zizkioten. Espainiako enbaxadorearen aginduari jarraituz, urrutitik ekarri zuen alaba Lisboan utzi eta Portugaletik alde egin bezain pronto, Urdanetak mapak egin zituen Moluketarako bidea markatuz eta memoria bat idatzi zuen bidaia ahalik eta hoberen kontatuz. 1537an Espainiara itzuli zenean, uharte horien memoria entregatu zion Karlos I.a Espainiakoa erregeari.

Andres Urdaneta. Víctor Villán-en marrazkia (San Lorenzo de El Escorial).

Mexikora joan eta agustindarren komentuan sartu zen 1553an (45 urte). Urdaneta, ikerketa ezberdinak egiteaz gain, fraide lanetan ibili zen, baina bere fama ez zen gelditu eta Espainiako errege berriaren belarrietaraino iritsi zen.

1559an Filipe II.ak idatzi zion, Velasco erregeordeari Moluketarainoko espedizio bat antolatzeko agindua eman ziola esanez eta Urdanetaren beharra zuela. Filipinetatik Mexikorako espedizioek behin eta berriz porrot egiten zutela ikusirik, baiezko erantzuna eman zion proposamenari. Erregeak bazekien, Tordesillaseko Itunaren arabera, Filipinak Portugalen mugapean zeudela, baina bazekien Filipinetan ez zegoela portugaldarrik. Filipinak menperatzeko eta Txinarekin merkataritza-zubi bat finkatzeko, beharrezkoa zen, Ozeano Baretik Espainia Berrirainoko (Mexikorainoko) itzulerako bide bat aurkitzea. Aurreko itzulerako bidaien bost saiakerek kale egin zuten eta Urdaneta zen erronka hura konpon zezakeen bakarra. Esan beharra dago, Asiako hego-ekialdeko harreman-hizkuntza zen malaysieraz ondo hitz egiten zuela eta tokiko zenbait hizkuntza ere ezagutzen zituela.

1564ko azaroaren 21ean abiatu zen (56 urte), bere osaba eta lagun zen Miguel Lopez de Legazpi buru zutela. Bere ezagutza zientifikoen arabera, Urdanetak berak diseinatu zuen bidaia. Filipinetara iritsi ziren. Legazpi uhartedian gelditu zen bitartean, Urdanetak itzulbidaiari ekin zion. 1565eko ekainaren 1ean bide berri batetik abiatu zen, Filipinetako San Migueletik, eta, lehendik eginiko mapei esker, Acapulcora iritsi zen urriaren 8an, 4 hilabetetan gutxi gorabehera 20.000 kilometro egin ondoren.

Iritsi zenean, Urdanetak zera jakin zuen: Alonso de Arellano, bere tripulazio kide izan zenak, aurrea hartu zion eta, Urdanetak esplikatutako bidea jarraituz, abuztuan iritsi zen Navidad portura. Hala ere, Arellanok berri gutxi idatzi zuen eta zenbaitzuk fede txarreko ekintza kontsideratu zuten. Horregatik eman zitzaion Urdanetaren Itzulbidaia izena eta XVI. eta XVII. mendeetan, eta, batez ere, Acapulco-Manila-Acapulco bidaia urtero egingo zuten galeoi espainiarrek bide hau erabiliko zuten behin eta berriro.

Urdaneta Mexikoko agustindarren komentura erretiratu zen. 60 urte zituen hil zenean.

Itzulbidaiaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren espedizio honetan Andrés Urdaneta mundu mailan ospetsu bihurtu zen, Ekialdeko Indietatik Amerikarantz itzultzeko eta Ozeano Barea ekialderantz gurutzatzen duen biderik azkarrena eta ziurrena aurkitu zuelako. Itzulbidaia aurkikuntza handi bat izan zen mundu guztian. Kuroshio itsaslasterrari jarraitzen dio, iparraldeko 42º-ko latitudean.[5] Berehala konturatu ziren, Filipinak Espainiaren mende izateko eta Asia, Amerika eta Europaren arteko harreman komertzialetarako aurkikuntza honek zuen garrantziaz.[6]

Nabigazio lerro bat ezarri zen berehala Asia eta Amerika artean: Manilako galeoia. 1566ko maiatzaren 1ean hasi zen, San Jerónimo ontzia Acapulcotik irten zenean eta, mende batzuk iraun ondoren Filipinak eta Mexiko arteko garraioa eginez, 1815ean itxi zuten, Magallanes galeoiak azken bidaia egin zuenean.[7]

Jarraitutako bidea beti izan zen bera: 12º iparraldean Guaham-eraino joan ohi ziren zuzen-zuzen eta handik iparralderantz, Manilaraino. Itzulera Urdanetaren itzulbidea jarraituz egin ohi zen, iparraldean 42º-ko paralelora iritsiz, Kaliforniaraino jarraituz eta, kostan zehar, Acapulcora.

Urdanetaren aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko, garai hartan espezieek zuten balioa ezagutu behar dugu: azukre kanabera, iltze, intxaur muskatu, aloe, piperra, kanela, jengibrea eta abar erruz erabiltzen ziren botikak egiteko eta janariak ontzeko ere bai.

Andres Urdanetak Indietara joateko arazoa konpondu zuen eta Asia eta Amerikaren arteko harreman komertzialak ireki zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Kurlansky, Mark (1999) The Basque History of the World. Walker & Company, New York. ISBN 0-8027-1349-1, 64. orr.
  2. (Gaztelaniaz) José Ramón de Miguel Bosch: «Andrés de Urdaneta y el tornaviaje»
  3. (Ingelesez) McDougall, Walter (1993). Let the Sea Make a Noise: Four Hundred Years of Cataclysm, Conquest, War and Folly in the North Pacific. New York: Avon Books.
  4. (Gaztelaniaz) Fernández Duro, Cesáreo. La Armada Española, desde la unión de los reinos de Castilla y Aragón. Madril: Itsas Museoa, 1973.
  5. (Gaztelaniaz) Martínez-Valverde y Martínez, Carlos. Enciclopedia General del Mar. Garriga, 1958
  6. (Ingelesez) Spate, O. H. K. The Spanish Lake. Australian National University Press, 1979. ISBN 978-0-7099-0049-8
  7. (Gaztelaniaz) El País: Biografía de Andrés de Urdaneta

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andres Urdaneta