Animalia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Animalien dibertsitatea.

Animalia izaki biziduna da. Animalia eta landarea desberdinak dira, eta badira bestelako izaki bizidunak ere, hala nola onddoak, bakterioak, etab. Animalia mota ugari dira munduan: ezagunen artean, inurria, txantxangorria edo katua; arraroen multzoan, olagarroa, saguzarra eta ornitorrinkoa. Animaliarik ezagunenak erraz bereizten dira, hanka, hegal edo hegoak dituztelako, mugitzeko edo leku batetik bestera ibiltzeko. Landareak, aldiz, ez dira mugitzen. Beste animalia batzuek (barraskilo eta bareek, adibidez), hankarik ez duten arren, mugitu egiten dira. Nolanahi ere, animalia gehienak ibiltzeko gai badira ere, bakan batzuk ez dira mugitzen: koralak edo ostrak, adibidez, euskarri bati heltzen diote eta horrela ematen dute bizitza guztia. Munduko animaliak ugari-ugariak direnez, nekez topatuko dugu haietako biren ezaugarri komuna. Batzuek ezkatak dituzte, edo azala; beste batzuek, hegoak edo hegalak; batzuk uretan bizi dira, besteak lehorrean. Baina den-denek ahoa dute: denek daukate mota bateko edo besteko ahoa; beraz, ahoa daukan hori animalia da, seguru. Horrek esan nahi du zu zeu ere animalia zarela, ahoa baituzu. Munduan milaka animalia espezie direlarik, gizakia da horietako bat.

Era orokorrago batean, gizakiaz bestelako animaliak adierazteko erabiltzen da animalia hitza; hitz praktikoa da, beraz, ez da zientifikoa.

Jendea animaliak ikustera joaten da berariazko toki batera, “zoologiko” izenekora (zoo, grekeraz, animalia da). Gizakiak baliatzen ditu horrelakoak ehizan aritzeko (arrainen ehizari “arrantza” esaten zaio), animaliak hazi eta jaki bihurtzeko edo beste hainbat gauzatarako.

Animalia batzuk “lagun” modura hezten ditugu: etxe-animaliak dira horiek. Ohikoenak txakurrak, katuak eta txoriak dira; arraroenak, berriz, armiarmak, iguanak eta beste animalia exotiko batzuk.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia mota desberdinak ugari-ugariak direnez, zientzialariek multzotan bereizi behar ditu. Hona multzo horietako garrantzitsuenak:

  • Belakiak.
  • Knidiarioak: koral, marmoka eta itsas anemonak batzen ditu.
  • Har biribilak: animalia txiki ezagunen multzo zabal honetakoa da, adibidez, har erraldoia.
  • Artropodoak: inurri, oti, armiarma, eskorpioi eta ehunzangoak biltzen ditu.
  • Moluskuak: txibi, olagarro, barraskilo, ostra, barea eta beste batzuk biltzen ditu.
  • Anelidoak: lurreko harra eta izana dira multzo honetakoak.
  • Ekinodermoak: hemen itsas izarrak eta itsas trikuak batzen dira.
  • Ornodunak: hauek dira arrain, igel, hegazti eta ugaztunak.