Anorexia

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Anorexia duen pertsona baten bizkarraldea.

Anorexia (edo anorexia nerbiosoa) gaixotasun bat da, nahiko larria. Anorexia dutenek, gizentzeko beldurraren eraginez, utzi egiten diote jateari, edo oso-oso gutxi jaten dute. Eta, horrela, oso ahul geratzen dira, eta argalegi. Anorexikoek gizen ikusten dute beren burua, nahiz eta argal egon.
Jateari uzteak gosea, nekea, desnutrizioa eta amenorrea (hilerokorik ez izatea) eragin ditzake.

Elikadurarekin lotutako bi gaixotasun nagusiak anorexia eta bulimia dira.

Elikadura-desorekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anorexia bulimiarekin lotuta dagoen gaixotasuna da, eta askotan, batera agertzen dira. Izan ere, bi gaixotasunak elikadura-desorekak dira eta gorputzaren pisu eta itxuraren inguruko obsesioaren ondorio dira. Beraz, gaixotasun fisikoak baino gehiago, gaixotasun mentalak direla esan daiteke. Askotarikoak dira honelako desorekaren bat jasaten duten pertsonak, baina oro har, badirudi %90 emakumezkoak eta %10 gizonezkoak direla.

Honelako desorekak momentu zailetan agertzen dira batez ere. Esaterako, emakumezkoetan ohikoa izaten da nerabezaroan edota menopausia etortzerakoan pairatzea desorekak, bi kasuetan beren buruarekiko segurtasuna galtzen dutelako. Hain zuzen, arazo batzuk aurkitzen dituzte euren bizitzan —gazteen kasuan, familia eta lagunekin dituzten erlazioen aldaketak, bizimodua aurrera atera beharra, etab.—. Sarritan, ez dute jakiten segurtasun ez hori nola zuzendu eta janaria kontrolatzen saiatzen hasten dira. Eta hor agertzen da arazoa.

Kontrolatzen dutela uste arren, ez da horrela, noski. Janariaren bidez emozioak menperatu nahi izaten dituzte, eta azkenean, oharkabean tranpa batean erortzen dira. Buruko gaixotasuna da, eta oso zaila da hortik ateratzea. Laguntza medikoa (psikiatrak, psikologoak eta endokrinoak) behar izaten da sendatzeko, baina horretarazko ezinbestekoa da gaixoak berak zulo horretatik irten nahi izatea. Sendatzeko prozesua oso luzea izan daiteke: batez beste, hiru eta bost urte bitartean iraun dezake, eta gehiago ere bai, adinaren arabera edota gaixotasunaren iraupenaren arabera. Gauza askok baldintzatzen dute prozesua; batzuetan patologia hau beste psikopatologia batekin agertzen da, nortasun-nahastearekin, esaterako. Horrek ez du esan nahi sendatzea ezinezkoa denik, baina bai konplikatuagoa.

Gainera, badago sendatzen ez den kopuru bat: %30az hitz egiten da, baina ez dakigu ziur. Halere, egoera kronikoa bilakatu arren, egoera asko hobetu daiteke gaixoak tratamendua hartzen badu.