Argi

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Argia energia mota bat da, objektuak begiarentzat ikusgarri bihurtzen dituena. Hau da, argirik gabe ezin da ikusi. Modu zientifikoagoan esanda, begiak antzeman dezakeen erradiazio elektromagnetikoaren zatia da. Argiaren ezaugarriak, jokamoldea eta propietateak aztertzen dituen zientzia optika da.

Argi-izpiak Chicagoko tren-geltokian.

Soinua bezala, argia uhin bat da; baina, soinua ez bezala, argia hutsunean heda daiteke; izugarrizko abiaduran, gainera: segundo bakar batean, 300.000 kilometro inguru egin ditzake. Horregatik, berau neurtzeko lehenengo saiakuntzek porrot egin zuten. Hala, XVII. mendera arte, bat-batean hedatzen zela uste zuten; mugagabeko abiadura zuela. Galileo izan zen argiaren abiadura neurtzen saiatu zen lehena, baina atera zuen ondorio bakarra izan zen argiaren abiadura handiegia zela neurtu ahal izateko. Argia lerro zuzenean hedatzen da, norabide guztietan.

Argi-iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz batzuek argia igortzen dute, eta beste batzuek, aldiz, beste gorputz batzuetatik iristen zaien argia islatzen dute. Argia igortzen duten gorputzei argi-iturri deitzen zaie eta bi motatakoak izan daitezke:

Gainerako objektuak argi-igorle sekundarioak dira; hots, argi-iturri batek argitzen dituenean bakarrik igortzen dute argia; argi-iturritik iristen zaien argiaren zati bat xurgatu egiten dute, eta gainerakoa islatu. Argia xurgatzeko duten ahalmenaren arabera, gorputzak gardenak, zeharrargitsuak edota opakoak dira:

  • Gardenak: argiari igarotzen uzten diote, eta haietan zehar argi eta garbi ikus daitezke objektuak; izan ere, ez dute xurgatzen iristen zaien argi gehiena. Adibidez, kristala da objektu garden bat.
  • Zeharrargitsuak: Argiaren zati bati igarotzen uzten diote, baina argiaren zati bat sakabanatzen dutenez, ezin dugu haietan zehar oso argi ikusi. Kristal edo plastiko lausotuak dira objektu zeharrargitsuak.
  • Opakoak: Argiari igarotzen uzten ez dioten objektuak dira; iristen zaien argi guztia islatzen dute. Adibide bat ipintzearren, liburua da objektu opako bat, ez duelako bere atzean dagoena ikusten uzten.
Opakuak.png


Argiaren propietateak: islapena eta errefrakzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argi-izpiak zeharkatu ezin duten gorputz edo objektu batera iristen direnean, desbideratu egiten dira; hau da, islatu egiten dira, edo, bestela esanda, gorputz edo objektu horrekin talka egin, errebotatu eta norabidea aldatzen dute. Fenomeno honi islapena deitzen zaio. Objektu eta gainazal guztiek islatzen dute iristen zaien argiaren zati bat. Izpi erasotzailea deitzen zaio gainazalera iristen den izpiari; izpi islatua, aldiz, gainazaletik errebotatuta irteten denari.

Aldiz, argi-izpia beste dentsitate bat duen objektu edo inguru garden batera iristen denean, abiadura aldatu eta norabidea ere aldatzen zaio. Kasu honetan gertatzen den fenomenoa errefrakzioa da. Errefrakzioan, izpi erasotzailea bigarren ingurunera sartzen da, eta horren barruan abiadura gutxitu eta norabidea aldatzen zaio; izpi errefraktatua deitzen zaio orduan.

Argiaren errefrakzioa

Errefrakzioa da, adibidez, betaurrekoetan edo lupa batean gertatzen den fenomenoa. Betaurrekoak eta lupa lenteak dira, gainazal esferikoa duten kristalezko eta beste material garden batez egindako piezak. Argiak lente bat zeharkatzen duenean, bi errefrakzio gertatzen dira: bata, airetik kristalera igarotzean, eta bestea, kristaletik airera itzultzean. Lenteen gainazal bat esferikoa izan daiteke, eta bestea laua. Edo biak izan daitezke esferikoak, ahurrak eta ganbilak. Beraz, bi motatan sailka ditzakegu:

  • Lente konbergenteak: lodiagoak dira erdialdean, muturretan baino. Hauek puntu batean biltzen dituzte argi-izpiak, eta puntu horri fokua esaten zaio. Lupak dira mota honetakoak.
  • Lente dibergenteak: lodiagoak dira muturretan, erdialdean baino. Argi-izpiak elkarrengandik urrundu egiten dituzte.