Arnasketa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Arnasketa gure organismoak eta beste animalia batzuenak egiten duen prozesu fisiologikoa da, airetik oxigenoa hartzen duena eta karbono dioxidoa kanporatzen duena. Gure gorputzeko arnas-aparatuak burutzen du prozesu hau. Hartutako oxigeno hori gero odolera pasatzen da, eta hortik organismoko zelula guztietara iristen da. Gure gorputzeko zelulek oxigeno hori behar dute energia lortzeko.

Birikak.

Arnas-aparatua sudurrean hasten da, hortik sartzen baita airea gure gorputzera. Gero, trakea izeneko hodi batetik pasatzen da eta bronkio izeneko bi hodi handitan banatzen da. Azkenik, biriketara heltzen da. Bertan, aireko oxigenoa odolera igarotzen da; airea, oxigenorik gabe geratu ondoren, sartu den tokitik ateratzen dugu kanpora. Hortaz, arnasketan, airea etengabe egoten da biriketan sartu-irteten, bi fase edo denboratan:

  • Arnasgoran, airea biriketan sartzen da eta toraxaren bolumena handitu egiten da.
  • Arnasbeheran, airea biriketatik irteten da eta toraxaren bolumena txikiagotu egiten da.