Aro Moderno

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Aro Modernoa historiako garai bat da. Erdi Aroaren ostean hasi zen Aro Modernoa eta Aro Modernoaren ostean, Aro Garaikidea hasi zen. Historia liburuetan 1492. urtea aipatzen dute, Erdi Aroa eta Aro Modernoaren muga bezala. Amaierako muga bezala 1789. urtea jartzen da. Urte horretan Frantziako Iraultza hasi zen.

Ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Europarrak beste kontinente batzuetara joan ziren eta konkistatu zituzten. Erregeren agindupeko soldaduak bidali zituzten eta arma hobeak zituztela aprobetxatuz, Europatik kanpo agintzen hasi ziren. Beste kontinentetatik balio handiko gauzak eramaten hasi ziren Europara: urrea, zilarra eta abar.
  • Errege-erreginek botere handia lortu zuten. Historia liburuetan errege-erreginek botere absolutua eskuratu zutela esaten da. Errege-erreginen aginte handi honi absolutismoa esaten zaio.
  • Gizartean pertsona guztiek ez zituzten eskubide berberak. Estamentuak zeuden. Pertsona batzuek pribilegioak zituzten eta beste batzuek ez.
  • Arte kontuetan berrikuntza handiak egin ziren. Bi estilo nabarmendu ziren Aro Modernoan: Errenazimendua eta Barrokoa.

Aro Modernoko gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Modernoan Europako jendea bi talde edo estamentuetan banatuta zegoen. Guztiek ez zituzten eskubide berberak. Batzuk pribilegiatuak ziren, besteak ez.

  • Pribilegiatuak noblezia eta kleroa ziren. Pribilegiatuek ez zituzten zergak ordaintzen eta lur gehienen jabeak ziren.
  • Ez-pribilegiatuak. nekazariak, arrantzaleak, artzainak, eskulangileak, merkatariak, soldadu arruntak eta beste batzuk ziren. Hauek bai ordaindu behar zituztela zergak. Errentak ere ordaindu behar zituzten lurren jabeei, etxeen jabeei, pribilegiatuei.

Aro Modernoko ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako ekonomiaren oinarria nekazaritza zen. Kostaldea zeukaten herri askotan, Euskal Herriko kostaldean esate baterako, arrantza ere oso inportantea zen. Aro Modernoan eskulangintza eta merkataritza garapen handia izan zuten. Garai hartan erabiltzen ziren nekazaritzan aritzeko teknikak ez ziren oso aurreratuak. Pertsonen eta etxeko abereen indarra besterik ez zeukaten. Goldeak mugitzeko, esate baterako, animaliak eta pertsonak behar zituzten. (Traktoreak-eta, geroago asmatu ziren, ez Aro Modernoan). Gaixotasunak eta uzta txarrak izaten zituzten maiz. Askotan goseteak. Pribilegiatuek, haien diruarekin, problema gutxiago izaten zituzten baina estamentu guztietan ume asko eta gazte asko hiltzen ziren gaur egun erraz konpon daitezkeen gaixotasunengatik. Izurriteak eta goseteak egoten ziren noiz edo noiz. Errege-erreginek, zeukaten diruarekin armadak eta gerrak antolatzen zituzten. Konkista espedizioak ere bai. Armada horiekin alboko herrialdeen armadengatik babestu egiten ziren baina askotan besteen lurraldeak eta ondasunak konkistatzera joaten ziren. Euskal Herrian Aro Modernoan hasi ziren nekazariak eta abeltzainak baserriak eraikitzen eta bertan bizitzen. Hasieran baserri bakoitzean familia batzuk bizi izaten ziren. Ohikoa zen baserria nobleziaren edo kleroaren lurretan egotea eta errenta ordaintzeko beharra egotea. Baserritar gehienak maizterrak ziren, errentak ordaindu behar izaten zituzten.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hauetan erregeek botere handia lortu zuten. Absolutismoa esaten zaio. Noblezia eta kleroren laguntzarekin armadak antolatu eta gerrak eta konkistak antolatu zituzten. Zergak jaso eta gero eta botere gehiago lortzeko asmoarekin lurraldeak konkistatzen ibili ziren. Kontinente aurkitu berria aukera ezin hobea zen. Bertokoei gerretan irabazteko aukera handia zegoen. Arma hobeak-eta. Lehenengo Portugal eta gero Espainia bihurtu ziren garai horretako inperiorik handienak. Errege katolikoek Granadako erresuma konkistatu zuten, Nafarroko erresuma ia osorik konkistatu zuten, Amerikako hainbat lurralde konkistatu zituzten, Espainian bizi ziren judutarrei alde egiteko agindu zuten eta Espainiako inperioa sortu zutela esan daiteke. Baina benetako enperadoreak gerokoak izan ziren, Karlos Habsburgokoa eta Filipe II.a Espainiakoa batez ere. Azken honen erresuman eguzkia ez zela inoiz sartzen esaten zen eta esaten da. Mundu osoan zehar bere menpeko lurraldeak zeudelako.

Humanismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiako liburu askotan "Humanismo" artikuluaren ondoan Leonardo da Vinciren marrazki hau jartzen dute. Teozentrismotik antropozentrismorako aldaera gertatu dela eta orain gizakia erdigunean jarriko dela azpimarratzeko-edo.

Erdi Aroan Jainkoa, fedea, kristautasuna oso inportantea zen Europan. Kristau onak izatea eta zeru merezi izatea zen askoren asmorik nagusiena. Aro Modernoan, ordea, fedea eta kristautasuna baztertu gabe, gizakiari gero eta garrantzi gehiago ematen hasi ziren. Gizakia bihurtu zen kultura eta artearen gune, gizakia jakinduriaren sortzaile eta lortzen ziren gauza onen hartzaile. Zientzia kontuetan aurrera pauso handiak egin ziren. Konturatu ziren gure lurra, gure planeta, borobila izan behar zuela. Magallanesek, Elkanok eta munduari buelta osoa (1519-1522) eman zioten beti mendebalderantz nabigatzen. Munduan biribila zela frogaturik geratu zen.

  • Nikolas Koperniko, (1473 - 1543), izeneko astronomo batek frogatu zuen lurra eguzkiaren inguruan biraka mugitzen zela. Geozentrismotik heliozentrismora pasatu ziren, pixkanaka-pixkanaka garai hauetan. Gure lurra unibertsoko erdigunean zegoela pentsatzetik eguzkiaren inguruan zebilela pentsatzera. Kopernikoren ekarpenak garrantzi itzela izan zuten kontu honetan, Kopernikok erakutsi zuelako eguzki-sistemaren benetako mugimendua nolakoa zen.
  • Miguel Servet, (1511 - 1553), izeneko jakintsu batek frogatu zuen giza-gorputzean odolak zainetatik bide luzea egiten duela.
  • Johannes Kepler (1571-1630). Kopernikoren teoriaren aldeko argudio bikainak idatzi zituen.
  • Galileo Galilei, (1564 - 1642), izeneko beste jakintsu batek teleskopio bat erabiliz aurkikuntza handiak egin zituen. Marte, Artizarra, Jupiter, Saturno inork aurretik baino hobeto ikusi omen zituen. Bestalde, Galileo konturatu zen Aristoteles, eta bere jarraitzaileak oker zebiltzala pentsatzen zutenean gauza astunak azkarrago erortzen direla arinak baino. Tamaina bereko bi bola batera erortzen badira batera ailegatuko dira lurrera, nahiz eta bata bestea baino astunagoa izan. Kondairak dio hori Galileok frogatu zuela eta Pisako dorrea erabili zuela hori frogatzeko.
  • Isaac Newton, (1643 - 1726), izeneko ingeles batek matematikak erabili zituen optika eta mekanika kontuetan mundua hobeto azaltzeko. Newton eta bere jarraitzaileek mundua Jainkoak egindako mekanismo perfektu bat bezala imajinatzen zuten, erloju konplikatu moduko zerbait zela uste zuten eta matematiken bidez gauzak hobeto uler zitezkeela.

Aurrerakuntza teknologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hauetan zientzia eta teknologia kontuetan aurrerapen handiak egon ziren. Gero eta itsasontzi hobeak egiten ziren, esate baterako. Nabigazio teknikak, mapak, teleskopioak-eta gero eta hobeak. Baina historiagile gehienek aurrerakuntza bat nabarmentzen dute: inprenta. Erdi Aroan testu guztiak eskuz idatzi egin behar ziren, astiro-astiro, tintontzian luma busti, letra batzuk idatzi, berriro busti, beste letra bakar batzuk idatzi... Zenbat denbora behar zuten Biblia bezalako dokumentu bat kopiatzeko? Gainera Biblia sakratutzat zeukaten eta oso kontuz ibili behar testu sakratuekin, ezin zaie ezer aldatu. Historiagile batzuen ustez inprentaren erabileraren garrantzia itzela da. Inprentari esker kopiak modu gero eta azkarragoan egingo dira eta gero eta liburu gehiago inprimatu ziren.

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pizkunde edo Errenazimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Leonardo da Vinci (1452 - 1519k) Errenazimendu edo Pizkundeko, arkitekto, musikari, asmatzaile, ingeniari, eskultore eta margolari izan zen. Bera izaten da eredua "Errenazimenduko gizona" esamoldea erabiltzen denean. Esaten da bere garaiko jakinduria oso batzen zuela bere baitan, jakin-mina aseezina zuela eta bikaina zela hainbat jakintza arlotan.
  • Michelangelo Buonarroti (1475 - 1564), Michelangelo, Errenazimendu edo Pizkundeko eskultore, margolari, arkitekto eta olerkaria izan zen. Batez ere eskultore eta pintore lanengatik da, oraindik ere, oso ezaguna.
  • Raffaello Sanzio, Rafael bezala ezagunagoa, (483-1520), Pizkundeko margolari eta arkitekto bikaina izan zen.

Barrokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]