Vikidiatik

Arrautza

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Arrautzaren eskema: 1. Oskola. 2. Kanpoko mintza. 3. Barruko mintza. 4. Txalaza. 5. Kanpoko zuringoa. 6. Erdiko zuringoa. 7. Mintz bitelinoa. 8. Gorringoa. 9. Blastodermoa. 10. Gorringo iluna. 11. Gorringo argia. 12. Barruko zuringoa. 13. Txalaza. 14. Airegunea. 15. Kutikula.

Arrautza bat animalia askok ugaltzeko duten modua da; adibidez, hegaztiak, arrainak, anfibioak (igelak adibidez), narrastiak (dortoka eta sugeak) eta intsektuak (armiarmak, tximeletak, inurriak etab.) ugaltzen dira arrautzen bidez. Obiparo deitzen zaie arrautzen bidez ugaltzen diren animaliei.

Animalia obiparo batek, emeak, arrautza bat erruten du, eta arrak ernaldu egiten du; bestela, ez da haziko izaki bizidun berririk. Ernaldu eta gero, kumea (enbrioia), ia beti amaren gorputzetik kanpo haziko da.

Txori gehienek habietan erruten dituzte arrautzak; dortokek eta beste narrastiek, ordea, harean edo lur azpian errun eta bertan uzten dituzte. Arrainek, noski, uretan uzten dituzte arrautzak. Horregatik, arrautza guztiek babesten dituen oskol bat izan ohi dute. Igelen arrautzek ez dute oskolik, mintza baizik.

Lehorreko animaliek beroa behar izaten dute arrautzaren barruan dagoen kumeak hazi ahal izateko; adibidez, oiloek eta beste hegaztiek arrautzak berotu ohi dituzte beren gorputzarekin; horri "txitatzea" esaten zaio. Aldiz, dortoken arrautzek eguzkiaren beroa behar dute, lurperaturik daudelako. Bestalde, arrautzean bertan, kumearentzako behar beste elikagai egon behar da; elikagai hori arrautzaren gorringoan dago.

Kumea guztiz hazten denean, oskola hautsi eta kanpora ateratzen da. Horrela jaiotzen dira animalia obiparoak.

Mundu osoko arrautzarik handiena ostrukarena da: kilo bat eta erdiko pisua izaten du.

Arrautzak ere elikagaia dira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrautzek nutriente edo mantenugai asko dituzte kumea elikatzeko, baita proteina eta bitaminak ere; horregatik oso elikagai aberatsa dira. Pertsonok batez ere oiloen arrautzak jaten ditugu, baina baita beste hegazti batzuenak ere; kabiarra ere jaten dugu, esturioi izeneko arrain baten arrautzak.

Arrautzak gehienez ere lau asteren buruan jan behar dira. Horiek arrautza freskoak dira. Oso erraz jakiten da arrautza bat freskoa den ala ez: urez betetako edalontzi batean sartu, eta hondoratzen bada, arrautza oso freskoa dela esan nahi du; erdian geratzen bada, freskoa da. Ur gainean geratzen bada, hobe da ez jatea.