Vikidiatik

Arroka

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Harri hauek basaltoa dira, arroka igneoa.

Arroka edo harria mineral batez edo gehiagoz osatutako material oso gogorra da. Arrokak Lurraren kanpoko geruza osatzen du, lurrazala izenekoa. Geruza honen azpiko atala arroka solidoa da, edo arroka-geruza. Goiko atalean, apurtutako arroka zatiak daude. Arroka zati txikienek harea eta lurra osatzen dituzte. Lurrazalaren azpian beste arroka-geruza bat dago, gehienbat solidoa dena, mantua deritzona. Mantuan, urturiko arroka-poltsak eratzen dira, magma alegia.

Arroka motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru arroka mota daude: igneoak, sedimentarioak eta metamorfikoak. Izen hauek arroka mota bakoitza nola eratu den adierazten dute.

  • Arroka igneoa gogortutako magma da. Magma lurrazalaren arrakaletatik atera daiteke. Lurrazalera heldu daiteke sumendi bat erupzioan sartzen denean ere. Magma ateratzen den neurrian hoztu egiten da, gogortu eta arroka solido bihurtzen da. Granitoa eta basaltoa dira, besteak beste, arroka igneoen adibideak.
  • Arroka sedimentarioa beste arroken zatietatik eratu daiteke. Higadura edo erosioa deituriko prozesu batean, haizeak eta urak arroka zati txikitan apurtzen dute poliki. Urak puska edo fragmentuak garraiatu edo lekuz aldatzen ditu, erreketaraino, eta han errekaren hondoan metatzen dira, sedimentuak eratuz. Milioika urtetan zehar sedimentua metatzen da, gogortzen da eta arroka solido bihurtzen da. Arroka sedimentarioa hildako animalia eta landareen hondakinetatik ere sor daiteke. Kareharria arroka sedimentario bat da, zenbait izaki bizidunen maskor eta eskeletoez osatua.
Zumaiako kostaldeko harri hauek sedimentarioak dira.
  • Arroka metamorfikoa antzinako arroka igneo edo sedimentarioetatik eratzen da. Hainbat indarrek eragin dezakete arroka zaharra zena harri metamorfiko berri bat bihurtzea. Bero handiak eta lurrazalaren barneko presioak eragiten dute hori, arroka zaharra zena arroka metamorfiko bihurtuz. Adibidez, batzuetan urak arroka zaharreko mineralak disolbatzen ditu edo mineral berriak eraman pilatzen zaizkio, eta horrela sortzen dira arroka metamorfikoak. Magmaren beroak ere eragin dezake arroka zaharra aldatzeko eta arroka metamorfiko bihurtzeko prozesua. Marmola eta arbela dira, adibidez, arroka metamorfikoak.

Arrokaren zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arroka metamorfikoa.

Guri bestela iruditzen zaigun arren, arroka etengabe eratzen ari da: denbora oso luzean zehar, zatitan gastatzen joaten da eta gero berriro osatzen da. Milioika urtetan zehar garatzen den prozesu luze horri arrokaren zikloa deitzen zaio. Arroka erosioaren bidez higatzen edo gastatzen da; gero, arroka-zatiak finkatu egiten dira eta arroka sedimentario bihurtzen dira poliki-poliki. Eragile geologikoek arroka sedimentario hori lurrazaleko leku sakonetara eramaten amaitzen badute, magman urtu daiteke. Eta ondoren, magma hori gainazalera bueltatu daiteke, arroka igneo bihurtuta. Sakonki hondoratuta dagoen arroka hori arroka metamorfiko bilakatu daiteke. Arrokaren zikloa milioika urtetan zehar gertatzen da.