Arte

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Artea irudimenaren bidez zerbait sortzeko jarduera da; adibidez, marrazki bat edo margolan bat, abesti bat, eskultura bat, zeramikazko pieza bat, liburu bat, film bat edo beste hainbat gauza. Sortze-lan horiei "artelan" esaten zaie, eta artelanak egiten dituen pertsonari, "artista". Denok egin ditzakegu artelanak, baina artista ona izateko eta, batez ere, artista ospetsua izateko, zenbait trebetasun ondo landuak izatea ezinbestekoa da.

Jadezko apaingarri hau ere artelan bat da.

Gaur egun, arteaz ari garenean, "arte ederrak" ditugu gogoan gehienetan. Artelan horiek edertasunarekin eta artistaren sormenarekin lotuta egon ohi dira; objektu politak sortzeko gaitasunarekin, alegia. Baina horrek ez du esan nahi objektu horiek nahitaez zerbaitetarako balio behar dutenik: askotan gertatzen da jendeak artelan bat gogoko izatea, besterik gabe, gustatzen zaion zerbait berezia duelako, eta pentsarazi edo zerbait sentiarazten diolako. Leku askotan daude artelanak, baina garrantzitsuenak museoetan egon ohi dira.

Arte-mota asko dago. "Arte bisual" esaten zaienen multzokoak dira, adibidez, margolanak eta estatuak, bai eta eraikinak ere. "Arte eszenikoak", aldiz, dantza, antzerkia eta zinema. Musika eta literatura ere beste arte-mota bat dira.

Artea figuratiboa edo abstraktua izan daiteke:

  • Arte figuratiboan, irudiak edonork ezagutzeko moduan adierazita daude, erraz igartzen da zer diren; adibidez, paisaia bat, pertsona bat, etab.
  • Arte abstraktuan, aldiz, irudiak ulertzen zailagoak dira, eta pentsatzera behartzen gaituzte; formak erabiltzen dira askotan (zirkuluak, karratuak eta beste forma geometriko batzuk), eta kolore-nahasteak ere bai.