Babilonia

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Hammurabiren garaiko Babilonia, K.a. 1792–1750 urteetan.
Idazkera kuneiformea duen buztinezko taulatxo bat.

Babilonia K.a. II. milurtekoan Mesopotamian zegoen estatu-hiri bat izan zen, duela 3.000 urte inguru. Munduko hiririk zaharrenetako bat izan zen. Gaur egungo Bagdad hiritik 100 kilometro ingurura zegoen. Babiloniar Inperioaren hiriburua izan zen eta munduko hiririk handienetako bat zen bere garaian. Hiri-estatu honek K. a. VI. mendean izan zuen bere loraldirik handiena, Nabukodonosor II.a erregearen garaian.

Babiloniarrek hizkuntza idatzia zeukaten, eta merkataritzarako eta komunikaziorako erabiltzen zuten; sumertarrengandik jaso zuten, hauek izan baitziren hizkuntza idatzia asmatu zutenak. Sumertarren idazkera kuneiformea erabiltzen zuten, buztinezko taulatxoen gainean ziri batez zeinu triangeluarrak eginez, eta bi hizkuntza erabiltzen zituzten: sumeriera erlijio-eginkizunetarako, eta akadiera erabilera ofizialetarako.

Babilonia K.a. VI. mendean Pertsiako errege Ziro II.aren eskumendean erori zen, eta errege horren pean eta haren oinordeko Dario I.a erregearen pean, zientziek aurrerapen handiak izan zituzten: Babiloniako zientzialariek konstelazioen mapak osatu eta astronomiaren eta matematikaren oinarriak jarri zituzten. Gainera, lehen egutegiak asmatu zituzten, bai eta 60 minutuko orduak eta biderkadura-taulak ere.

K.a. IV. mendean, Alexandro Handia jabetu zen Babiloniaz eta hiriak susperraldi bat izan zuen zientzian, merkataritzan eta artean ere; baina Alexandro hil zenean, inperioa haren armadako jeneralen artean banatu zen, eta hauek laster hasi ziren borrokan euren artean. Hiriko biztanleak pixkanaka beste leku batzuetara aldegiten hasi ziren eta K.a. III. menderako Babiloniaren historia bere amaierara iritsi zela esan daiteke. K. a. 141. urtean partiarrek eskualdea menderatu zutenean, Babilonia erabat hondatua omen zegoen.