Vikidiatik

Bartzelona

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Bartzelonako leku ezagun batzuk.

Bartzelona Hegoaldeko Europako hiri bat da, bai eta Espainiako bigarren hiria, tamaina eta biztanleria aldetik. Kataluniako Autonomia Erkidegoko eta Bartzelona probintziako hiriburua da.

Mediterraneo itsasoaren kostaldean dago, Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean.

2017ko datuen arabera, 1,6 milioi biztanle ditu; baina haren metropoli-eremuan (hiriaren inguruko udalerriak ere kontatuz) 5 milioi biztanle inguru bizi dira bertan (2011ko datuen arabera); horrek esan nahi du Europar Batasuneko seigarren hiririk handiena dela.

Bartzelona bere monumentuengatik da ezaguna; hiririk garrantzitsuenetako bat da Espainiako turismoarentzat, baina baita Europa barruan ere; bestalde, bertako futbol taldeetako bat, FC Barcelona, mundu osoko talderik ezagun eta indartsuenetako bat da.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondaira baten arabera, hiria K.a. III. mendean sortu zuen Anibal Barcaren aita Amilcar Balcak; horren arabera, Bartzelona izenak pertsonaia historiko horren abizenarekin du zerikusirik. Antzinako erromatarrek konkistatu zuten geroago, eta oraindik haien azterna batzuk geratzen dira hirian; haiek Barcino izena ipini zioten.

Geroago, lehendabizi visigodoak V. mendean eta musulmanak VIII. mendean jabetu ziren hiriaz. Baina geroago, X. mendean, Aragoiko Koroaren eskumendera pasatu zen eta handik aurrera Mediterraneo aldeko hiririk garrantzitsuenetako bat bihurtu zen.

XV. mendean, Aragoiko Koroa eta Gaztelako Koroa batu egin ziren Espainiako Errege Katolikoen ezkontzarekin; aurrerantzean, hiria eta Katalunia osoa Espainiako erresumaren barruan geratu ziren, baina bere jatorrizko erakundeak erabat galdu gabe; hala ere, XVIII. mendean, gerra baten ondorioz, erakunde horietako gehienak galdu zituen, eta hiria indar ekonomikoa galduz joan zen.

Aldiz, XVIII. mendetik aurrera, Bartzelonak industriaren garapen oso handia izan zuen, eta horrek beste loraldi ekonomiko eta kultural handi bat ekarri zuen. Hiria etorkin asko jasotzen hasi zen eta, ondorioz, asko handitu zen.

Espainiako Gerra Zibilean, altxamendu militarraren kontra agertu zen, eta diktaduraren urteetan kataluniarren kontrako errepresio handia jasan zuen.

Espainiara demokrazia itzuli zenean, eta, bereziki, Espainia Europar Batasuneko kide bihurtu zenean, hiriak onura handiak izan zituen; hainbat eraikuntza berri egin ziren hirian eta kultura-proiektu garrantzitsuak garatu ziren, bai eta mundu mailako gertakari hand bat ere: 1992ko Udako Olinpiar Jokoak Bartzelonan izan ziren. Horrek denak, asko indarberritu zuen hiriaren ekonomia, eta turismo ugari hasi zen iristen hirira.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bartzelonak leku interesgarri ugari ditu. Turistek gehien bisitatzen dituztenak Gaudi izeneko arkitektoak egindako Familia Santuaren tenplua, Camp Nou futbol estadioa eta Gaudik egindako beste eraikin ospetsu batzuk ere; batez ere, Güell parkea, Milà Etxea eta Batlló Etxea.

Picasso Museoak, zooak, aquariumak eta Tibidaboko parkeak ere bisitari asko izaten dituzte.