Basamortuko klima

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Basamortuko klima (edo klima lehorra)basamortuetan izaten den klima da, oso prezipitazio (euri) gutxi duena, urtean 250 mm baino gutxiago. Basamortu gehienak tropikoen inguruan daude, baina baita euri gutxi egiten duen lurralde epeletako leku askotan ere: kontinenteen barneko lurraldeetan, itsaslaster hotzek ukitutako kostaldeetan, edo mendikate handien kasuan itsasoari begira ez dauden atzealdeko lekuetan.

Basamortuko klima desberdinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basamortuko klimak hiru motatakoak izan daitezke:

Basamortu beroak dituzten munduko lurraldeak.
  • Basamortuko klima beroa: basamortu beroetako klima; tenperatura altuak izaten dira urte guztian: egunez, 50 °C-tik gorako tenperaturak egoten dira batzuetan udan, baina gauez, asko jaisten dira, baita 0 °C-tik behera ere. Klima hau da Saharan, Arabiako basamortuan, Kalahari basamortuan, Sirian, Iraken, Pakistanen, Indiako ipar-ekialdean, Estatu Batuetako hego-mendebaldean, Mexiko iparraldean eta Australiako zati handi batean dutena.
  • Basamortuko klima hotza: Asiako zenbait lekutan (Tibeteko goi-lautadan eta Gobi basamortuan), eta Hegoamerikako Patagonia aldean, basamortu hotzak daude, oso prezipitazio gutxi dutenak.
    Basamortu hotzak dituzten munduko lurraldeak.
    Laku hauetan, egunak oso beroak izan daitezke, baina ez basamortu beroetan bezain beroak; baina, batez ere, negu oso lehorrak eta hotzak izaten dituzte, 0 °C azpiko tenperaturekin. Basamortu hauek altuera handiagoetan egoten dira basamortu beroak baino, eta lehorragoak izan daitezke. Artikoan eta Antartikoan ere antzeko klima duten arren, lurralde hauek klima polarrean sartu ohi dira.
  • Basamortuko klima epela: kontinenteetako mendebaldeko itsasertzetan egoten dira, lurralde tropikal edo subtropikaletan edota altuera handietan. Hego-Amerikan, adibidez, Ozeano Barearen aurreko lurralde batzuetan dute klima hau, Atacamako basamortuan bereziki (Txile), bai eta Peruko erdialdeko eta hegoaldeko kostaldean. Ipar-Amerikan, berriz, Kalifornia Behereko penintsulan dute klima hau, Ozeano Bare ondoko kostaldean. Azkenik, Afrikako lekuren batean ere badute klima hau, Namibiako itsasertzean zehazki. Basamortu oso lehorrak izaten dira, baina tenperaturak epelak izaten dira urte osoan itsaslaster hotzen eraginez, eta askotan behelainoak izaten dituzte.