Vikidiatik

Basoko suteak

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Erretako basoa

Basoko suteak basoan edo landare ugariko lekuetan gertatzen diren kontrolik gabeko sute handiak dira. Suterik handienetako batzuk basoan gertatzen dira, erregai (zuhaitz eta sasi) asko dagoelako.

Zergatik gertatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso-sute gehienak gizakiaren erruz gertatzen dira; batzuetan, nahi gabe gertatzen dira, mendian dabilen norbaitek zigarro bat piztuta botatzen duelako, janaria egiteko piztutako sua ez delako ondo itzaltzen edo nekazariek soroetako lastoa erretzeko piztutako suak kontrolik gabe zabaltzen direlako. Beste batzuetan, aldiz, norbaitek nahita pizten ditu suak basoan, norbaiti kalte egiteko, edo bestelako interes batengatik. Nahita eragindako baso-suteak delitua izaten dira.

Beste batzuetan, ordea, arrazoi naturalengatik gertatzen dira; adibidez, tximista batengatik. Dena dela, gure inguruan gertatzen diren baso-suteen % 80 inguru gizakiek eragindakoak izaten dira.

Nola hedatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faktore askok laguntzen dute baso-sute bat zabaltzeko moduan eta haren intentsitatean. Horien artean, ondoko hauek sartzen dira:

  • Eguraldia: Eguraldiak eragin handia du sute bat hedatzeko orduan. Adibidez, askoz errazago pizten dira suak eguraldia oso lehorra denean, belarra eta landareak lehor daudenean. Bestalde, haizeak ere sua hedatzen eta azkar handitzen lagun dezake. Aldiz, tenperatura baxuarekin eta hezetasun handiarekin, nekezago gertatzen edo hedatzen dira suak.
  • Erregaia: Suteek erregaia behar dute, hau da, zuhaitzak, sasiak, hostoak eta orbela, eta zuhaitzen azpian hazten diren landare eta belarrak. Basoak ondo garbituta ez daudenean eta erregai lehor ugari dagoenean, suak askoz azkarrago hedatzen eta handitzen dira.
  • Topografia: Topografia lurraren forma eta ezaugarriak dira. Lurraren formak ere eragina izaten du suteetan: adibidez, mendi-aldapetan azkarrago mugitzeko joera du suak, eta, horren ondorioz, suteak azkar zabal daitezke mendi eta muinoen hegal aldapatsuetan. Gainera, askotan, iristeko leku zailak izaten dira, eta horrek gehiago zailtzen du suhiltzaileen lana, sua itzaltzera joaten direnean.

Nola itzaltzen dituzte suhiltzaileek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso-suteak oso zailak izan daitezke itzaltzeko edo kontrolatzeko. Batzuetan, baso-suteak oso handiak izan daitezke eta lur-zabalera handian hedatuta egon. Gainera, haizearen eta beste arrazoi batzuen eraginez, azkar alda daitezke norabidez. Orduko 8 kilometro baino gehiagoko abiaduran mugi daitezke eta ibai eta errepideen gainetik salto egin dezakete.

Dena den, gaur egungo suhiltzaileak ondo entrenatuta daude, eta badakite baso-suteak nola kontrolatu. Horretarako erabiltzen diren teknika nagusiak bi dira: suebakiak eta airetik ura botatzea.

Suebakiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sute bat gelditzeko modurik onenetako bat su hartzen laguntzen dion erregaia (zuhaitzak, belarra, etab.) kentzea da. Suhiltzaileek sarritan lur-zerrenda luze eta zabal batean kentzen dute erregaia suaren aurrean. Lur-zerrenda horri suebakia deitzen zaio. Sua bertara iristen denean, erregairik gabe geratzen da eta hedatzeari uzten dio.

Airetik ura botatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan suhiltzaileek hegazkinak eta helikopteroak erabiltzen dituzte ura edo suteen aurkako produktu kimiko bereziak airetik jaurtitzeko. Hegazkin horiek milaka litro ur eraman ditzakete, iristeko zailak diren lekuetara botatzeko.

Segurtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendian kanpatzera zoazenean, kontu handiz ibili behar duzu suren bat egin eta itzaltzerakoan. Sutegia leku seguru batean egin behar duzu, sutarako jarritako espazioak erabiliz edo harri artean ondo itxitako zulo bat eginez; baina, beti-beti, sua erabat itzaltzen dela ziurtatu beharra dago.