Vikidiatik

Belatz

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Belatz handia (falco peregrinus).

Belatzak eguneko hegazti harrapariak dira, arranoak baino txikiagoak. Hegazti harraparia denez, haragiz elikatzen da. Horrenbestez, kako erako mokoa eta atzazal kakotuak eta zorrotzak dituzte, oso erabilgarriak haragia zulatzeko. Emeak arrak baino handiagoak dira. Gainera, egagropila izena duten bolak okatzen dituzte erregulartasunez.

Belatz helduek punta zorrotzeko hegoak dituzte, eta horri esker abiadura handiz egin dezakete hegan, eta baita noranzkoa aldatu ere. Kumeek, aldiz, hegaldatzen hasi ondorengo bizpahiru urteetan, hegaz egiteko luma luzeagoak dituzte; horrela errazago hegalda dezakete, harik eta heldutan ehiztari eraginkor izateko beharko dituzten trebetasunak bereganatzen dituzten arte.

Euskal Herriko belatzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belatz gorria (Falco tinnunculus)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belatz gorria

Belatz gorria tamaina txiki-ertaineko hegaztia da, 57–59 cm bitarteko hego-zabalera eta 27–35 cm bitarteko altuera daukana. Arrak emeak baino apur bat txikiagoak dira eta baita arinagoak ere. Gainontzeko belatzek bezala, hego luzeak eta zorrotzak ditu eta buztan luzea du. Erraz ezagutu daiteke, airean geldirik mantentzeko duen gaitasunagatik.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduan oso hedatuta dago eta Iberiar penintsula osoan aurki daiteke, bereziki hiru lurraldetan; horietako bat Euskal Herriko erdialdea da.

Harkaitzetan, landa eta abeltzaintza eremuetan, dentsitate gutxiko basoetan, giza eremuetan etab. ikus daiteke. Gainontzeko belatzek bezala, ez dute habiarik eraikitzen eta beste hegaztiek eraikitakoak hartzen dituzte bizitokitzat.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrapari haragijaleak dira: gehienbat, ugaztun txikiak jaten dituzte; baina, beste aukerarik ez badute, intsektuak, narrastiak eta anfibioak ere jaten dituzte.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketa garaia martxoa eta maiatza artean hasten da, neguko migrazio mugimenduak amaitzen direnean. Arrautzak apiriletik ekainera arte erruten dira, eta 3 eta 7 arrautza artean izan ohi dira. Inkubazio-aldiak 25 egun irauten du eta honetaz emea arduratzen da. Kumeak 26-30 egunez egoten dira habian eta, epe horretan, gurasoek elikatzen dituzte. Arrak harrapakinak eramaten ditu habiara eta emeak kumeen artean banatzen ditu.

Kontserbazio-maila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku txikia.


Belatz handia (Falco peregrinus)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belatz handia.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belatz Handia ia mundu guztian bizi da; Ipar Amerikako iparraldean,  Errusian, Finlandian, Norvegian eta Suedian uda osoan egoten dira; Estatu Batuetan, Erdi Amerikan, Afrikako hegoaldean, erdialdean eta Europan neguan, eta Afrikako erdialdean, Europako zati batean,  Txinako hegoaldean, Indian, Indonesian eta Australian aldiz, urte osoan.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadurari dagokionez, bI modu dauzka hegaztiak harrapakina hegaldian harrapatzeko. Lehenengoan, goitik ehizakia bere atzaparrekin harrapatzen du. Bigarrenean, belatzak altuera hartzen du, eta beherago dauden hegaztiak begiratzen ditu. Bere ehizakia aukeratzen duenean, ziztu bizian abiatzen da ehizakiarengana. Normalean, usoak, arabazozoak, korbidoak, kaioak, zozoak eta birigarroak jaten ditu.

Belatzak ez du habiarik egiten , baina, emeak arrautzak erruteko, arrak beste hegazti baten habia hartzen du.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku txikia (LC).


Neumann belatza (Falco neumanni)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neumann belatza.

Hegazti hau belatz gorriaren oso antzekoa da. Hala ere, Neumann belatzak atzaparrak zurixkak ditu. Ar helduek buztanaren alde dortsala eta burua urdin-grisak dituzte, bizkarra eta eskapularrak gorrixkak eta orbanik gabeak, eta sabelalde gorri argia.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Naumann belatzak Europan eta Asian igarotzen du udaberria eta uda, eta Afrikan igarotzen dituzte udazkena eta negua. Iberiar penintsulan, hego-mendebaldean bizi da batez ere, baina iparraldean ere aurkitu daiteke, Gipuzkoan eta Nafarroan besteak beste.

Naumann belatzak gune irekietan bizi dira; ehiza, aldiz, belardietan eta landare baxuez osatutako landetan egiten dute, eta zuhaitzez osatutako guneak ekiditen dituzte. Ehunka aleko talde edo koloniak osatzen dituzte eta hauek giza eraikinetan kokatzen dira; ondorioz, eraikin hauen zuloak baliatuz, habiak egiten dituzte.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienbat ornogabeak jaten ditu, eta hauen artean ortopteroak (matxinsaltoak, etab.) dira maiz aurkitzen dituen ehizakinak. Elikagaia lortzeko, hainbat estrategia erabiltzen ditu. Batzuetan, belatz gorria bezala, airean geldirik egoten da, ehizakinen bila; baina beste batzuetan, argi iturri artifizialetara hurbiltzen da bertako intsektuak jatera.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maiatzaren hasieran 4-5 arrautza erruten dituzte. Arrautzak 26-28 egun inguruz inkubatzen dira eta lan horretan arrek nahiz emeek parte hartzen dute. Halere, arrek egunaren erdia inkubatzen ematen badute ere, gauez lan hori emeen ardurapean uzten dute eta haiek lo-lekuetara beste arrengana joaten dira. Jaio eta lehendabiziko egunetan emeak txitei arrak ekarritako harrapakinekin jaten ematen die. Gero, emeak nahiz arrak ibiltzen dira ehizan. Gazteak 30-37 egun dauzkatenean ateratzen dira habietatik.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku txikia (LC).


Belatz hankahoria (Falco vespertinus)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belatz hankahoria.

Ezaugarriari dagokionez, ar helduak gris-urdinxkak dira, isatseko eta hanketako behekaldean izan ezik, hauek gorriak baitira. Emeek bizkarra eta hegoak gris kolorekoak dituzte; burua eta sabelaldea, berriz, laranja kolorekoak; aurpegi zuria dute, bigoteekin eta marra beltzak begian. Gazteak, ordea, arreak dira, orban beltzekin; aurpegia, eme helduen antzekoa izanik. Hegazti hauek, 28–30 cm-ko luzera eta 65–70 cm-ko hego-zabalera izatera iristen dira.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belatz hankahoria Ekialdeko Europan eta Asian bizi da. Hegazti migratzaile honek Afrikan ematen ditu neguak.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadurari dagokionez, eguneko hegaztia da, lur zabalean bizi dena, zuhaitz gutxiko lekuetan eta, askotan, uraren inguruan. Aldizka, zeruan egoten dira, lokalizatutako edozen harrapakini abiadura handiz eraso eginez. Poste edo kableetan egoten dira behatzen, eraso egitea pentsatzen duten arte. Haien harrapakinak intsektu handiak eta, neurri txikiago batean, ugaztun eta txoriak dira.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketari dagokionez, belatz hankahoriak kolonietan bizi dira, baina ez du habiarik eraikitzen; nahiago dute beste hegaztiek baztertutako habiak erabili. Habiaren barnean, 3 eta 6 arrautza bitartean errun ohi dituzte; gurasoek hilabetez inkubatzen dituzte arrautzak.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia mehatxuan (NT)


Belatz txikia (Falco culumbarius)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belatz txikia.

Ezaugarriei dagokienez, Europako belatzik txikiena da: 26–33 cm-ko luzera eta 55–69 cm-ko hego-zabalera dauka. Hegan dagoenean duen silueta belatz handiaren siluetaren antzekoa da: bularralde sendo eta zabala, hego zabala oinarrian baina oso mutur zorrotzekoa eta luzera ertaineko buztana; baina, hala ere, bi espezieak erraz desberdindu daitezke tamainarengatik. Belatz txikiak, gainera, hegoak askoz ere azkarrago mugitzen ditu eta hegan egitean mugimendu urduriak egiten ditu. Ar helduen bizkarraldea urdinxka da; emeak eta gazteak, aldiz, arreak dira orban argiekin. Buztanari dagokionez, eme eta gazteek banda beltzez osatuta daukate; arrek ordea banda beltz bakarra daukate, isatsaren puntan. Behetik ikusita, arretan kolore laranja da nagusi, eta eme eta gazteetan aldiz, kolore zurixka. Emeak harrak baino handiago eta pisutsuagoak izan ohi dira.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti hau Ipar Amerikan, Europan eta Erdialdeko Asian bizi da. Negua igarotzera hegoaldera bidaiatzen dute, baina ez dira hego-hemisferioraino iristen.  Iberiar Penintsulan lautada zabalak nahiago dituzte, Iberiar goi-lautadan, zehazki.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadurari dagokionez, hegazti txikiak jaten ditu batez ere: txonta arrunta, arabazozo beltzak, hegatxabal arruntak, txirtak, ipurzuri arrunta, txolarreak, mikak... Hauek hegaldi azkar eta baxuak eginez harrapatzen ditu.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketari dagokionez, arrautzak maiatza eta ekaina artean erruten dituzte, 3-5 arrautza bitartean. Arrautzok 28-32 egunetan zehar txitatzen dituzte, emeak batez ere, baina jaio ondoren arra zein emea arduratzen dira habiaraino janaria eramateaz. Heldutasuna jaio eta hilabetera lortzen dute.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku txikia (LC).


Eleonor belatza (Falco eleonorae)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleonor belatza.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapenari dagokionez, bere biztanleriaren bi herena Grezian bizi den arren, Kanarietan, Iberiar penintsulan, Italian, Kroazian, Marokon eta Aljerian ere auki daitezke.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku txikia (LC)


Hego-belatza (Falco biarmicus)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego-belatza.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikan, hego-ekialdeko Europan eta Asian zabalduta dago. Txori txikiak ehizatzen ditu hegan doala, edo harrapakinak harrapatzen ditu lurrean daudelarik, hegaldi bizkor batez gerturatuta. Hegaz ehizatutako harrapakinak, saguzarrak, termita hegalariak eta beste hegazti batzuk izan ohi dira. Lurreko harrapakinak, ordea, basoilo eta pintada txikiak dira. Hegazti asko ez daudenean, arratoi eta musker handiak harrapatzen ditu.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku txikia (LC).


Zuhaitz-belatza (Falco subbuteo)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz-belatza.

Zuhaitz-belatza txikia da; 30–36 cm-ko luzera eta 80–90 cm-ko hego-zabalera ditu eta, hegan egiterakoan, mugimendu urduriak egiten ditu; hegal luze eta zorrotzak dauzka eta isats mehea eta motza. Aurpegian belatz handiaren antza dauka.

Bizkarraldea gris kolorekoa dute, garondo zuriekin. Sabelaldea, ostera, zurixka da eta banda beltz batzuk ikusten zaizkie. Helduek izterretan eta sabelaldean luma gorriak dauzkate. Emeak arrak baino handiagoak dira; batez beste %30 gehiago pisatzen dute eta haien alde dortsaleko lumajea arrena baino arreagoa da.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrapari honek lurralde-banaketa zabala dauka: Marokotik Txinara bitartean aurki daiteke; Europan lurralde osoan zehar bizi da.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadurari dagokionez, hegazti txikiak jaten ditu batez ere (sorbeltzak, txolarreak, etab.) eta hauek bere hegaldi azkar eta trebeari esker ehizatzen ditu. Halaber, saguzarrak, intsektuak eta ugaztun txikiak ere aurki daitezke hegazti honen dietan. Bestalde, gehienetan bakarka ehizatzen badu ere, zenbaitetan taldetan ehizatzen ikusi da.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz belatza espezie bakartia da normalean, eta ugalketarako baino ez du bikotea osatzen. Emeek maiatzetik ekainera erruten dituzte arrautzak (normalean hiru). Arrautza hauek soilik emeek txitatzen dituzte, 28-33 egunez, eta bitartean arrek jaten ematen diete.

Txitak ekainetik uztailera bitartean jaiotzen dira eta lehen egunetan amaren menpean egoten dira, oso ahulak baitira hasieran. Txitek 27-34 dituztenean habiak uzten dituzte.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku txikia (LC).