Vikidiatik

Belaun

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Belaunaren anatomia.

Belauna izterraren eta bernaren artean dugun gorputz-atala da; haren anatomiari begiratzen badiogu, izterrezur edo femurraren eta tibiaren arteko lotunea da, bai eta giza gorputzeko giltzadurarik handiena ere; hari esker, hanka uzkurtu eta luzatu ahal dugu. Bestalde, esfortzurik handiena jasan behar izaten duen giltzadura ere bada, gorputzaren zati gehienaren pisuari eutsi behar diolako.

Izterrezurra eta bernako tibia hezurra elkartuta edukitzeko, hainbat lotailu edo zuntzezko sorta sendo batzuk daude. Hezurraren mutur biribiletan, kartilago-geruza mehe edo fin bat dago; horri esker, giltzadurako bi hezur nagusiak mugitzen ditugunean ez dute bata bestearen kontra jotzen, ez dira higatzen (gastatzen). Bestalde, belaunaren aurreko aldean, hezur biribil bat daukagu, belaunezurra izenekoa, giltzadura babesteko eta hanka atzerantz bakarrik uzkurtzen uzteko; artikulazioa blokeatzen du, eta horri esker zutik egon gaitezke.

Belaunari esker uzkurtu eta luzatu ahal dugu hanka, ibili ahal izateko, adibidez. Izterreko koadrizeps muskulua erabiltzen dugu hanka luzatzeko, eta izterreko beste gihar edo muskulu batzuk, berriz, uzkurtzeko. Bestalde, belauna tolestuta daukagunean, berna edo hankaren beheko zatia apur bat jira daiteke; aldiz, hanka luzaturik dugunean, belauneko lotailuak tenkatu edo zurrundu egiten dira eta bernari jiratzea eragozten diote.

Belaunaren lesiorik ohikoenak gertatzen dira belauna modu ez-naturalean mugitzen dugunean alde batera edo bestera.

Hankak dituzten ornodun (hau da, bizkarrezurra duten animalia) guztiek dituzte belaunak. Animalia askoren kasuan, txori eta zaldien kasuan, esaterako, badirudi atzeko hanketako belaunak atzerantz tolesten direla; baina ez dira belaunak, gizakion orkatilak bezalakoak baizik. Belaunak gorago dauzkate eta, gizakion belaunen antzera mugitzen dira.