Vikidiatik

Belgrad

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Hiriaren erdialdea.

Belgrado Europaren hego-ekialdean dagoen hiri bat da, bai eta Serbia izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2011ko datuen arabera, 1,3 milioi biztanle inguru ditu. Antzinako Jugoslaviako hiriburua ere izan zen, 1990ra arte.

Danubio ibaiaren ondoan dago, Serbiako iparraldean. Belgrad izenak "hiri zuria" esan nahi du.

Serbiako biztanle gehienak kristau ortodoxoak dira. Hiri honetan dago, gainera, Eliza ortodoxoko patriarkaren egoitza (patriarka, Eliza ortodoxoarentzat, katolikoentzat Aita Santuaren antzeko zerbait da.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguru hauetan bizi ziren lehen biztanleen aztarnak duela 7.000 urte ingurukoak dira; jakina da, bestalde, zeltek lehendabizi eta erromatarrek geroago konkistatu zituztela lur hauek antzinako garaietan. Dena dela, Belgrado hiriaren lehen berria IX. mendekoa da, 878koa zehazki, Aita Santu baten gutun batean; garai hartan, dirudienez, hiria Bulgariako inperioaren mende zegoen.

Geroago, XV. mendean, Otomandarren inperioa nagusitu zen hiriaz eta inguruko lurrez XIX. mende erdialdera arte. Geroztik, 1878an Serbiako erresuma sortu zen, baina hainbat herrialde borrokatu ziren lur hauez eta hiri honetaz jabetzeko: austriarrak Lehen Mundu Gerran, nazi alemaniarrak Bigarren Mundu Gerran, bai eta serbiarrak ere.

Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, Serbiak, gaur egungo Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Mazedonia, Kosovo eta Montenegrorekin batera, Jugoslaviako estatua osatu zuten, eta Belgrado izan zen estatu komunista horretako hiriburua 1990ra arte; urte hartan desegin zen Jugoslavia, haren herri desberdinen arteko gerra zibil baten ondorioz.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriak baditu leku interesgarri batzuk bisitarientzat: adibidez, Belgradoko gotorleku edo gaztelua edo Nikola Tesla Museoa (Tesla hau asmatzaile eta ingeniari ospetsu bat izan zen); bestalde, Santa Sava katedralak ere merezi du ikustaldia, Balkanetako eliza ortodoxorik handiena da eta.