Beluga

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Beluga.

Beluga (Delphinapterus leucas) edo Balea zuria (izena errusierazko "белуха" (balea zuria) hitzetik dator) itsas-ugaztun bat da, zetazeoen ordenakoa, ozeano Artikoan, Kanadan, Groenlandian eta Norvegian bizi dena, eta zetazeoen arteko azal zurikoa den bakarra. Berez, izurdeetatik dago hurbilago baleetatik baino.

Hegal txikiak ditu, izurdeen antzeko burua eta 40 hortzetako aho zabala eta moko laburra. Denbora gehiena uraren gainaldean edo sakontasun gutxiko parteetan igarotzen du. Sonar bat du, urpean izotz arteko labirintoetatik orientatu ahal izateko eta bere espezieko beste kideekin kontaktuan egoteko. Emeak 7 urterekin hasten dira ugaltzen, eta hiru urtetik behin umea edukitzen dute.

Hotza hobeto jasateko eta hobeto flotatzeko, 10 cm-ko koipe-geruza bat du.

Ugaztuna izanik, birikak ditu, bai eta espirakulu (sudur-irekigune) bat ere, beste baleen antzera. 20 minutu pasa ditzake arnastu gabe.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beluga.
Beluga heldu bat gizakiarekin alderatuta.

Beluga arrek 5.5 metrora arteko luzera eduki dezakete, eta 1.5 tona edo gehiagoko pisua. Ar helduak emeak baino % 25 handiagoak eta astunagoak izan daitezke. Emeak 4.1 m arterainoko luzera eta 1 t inguruko pisua izan dezakete. Kume jaioberriek 1.5 m eta 80 kg izaten dituzte jaiotzean.

Beluga helduak oso erraz bereizten dira gainontzeko zetazeoetatik: ez dute bizkar-hegalik eta azala erabat zuria dute; beluga gazteak, aldiz, grisak edo gris urdinak izaten dira.

Belugak Delphinapterus generokoak dira (antzinako grekotik: δελφίν, izurde, ἀ- atzizkia, («gabekoa») eta πτερόν, hegats, «hegatsik gabeko izurdea»), ez dutelako bizkar-hegatsik. Zientzialarien ustez, egokitzapen bat da, izotza apurtu eta uraren azalera irten ahal izateko arnasa hartzera, edota larruazalaren azalera gutxitu eta horrela bero galera murrizteko.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belugek Artikoko izotzen artean igarotzen dute urte osoa. Taldeetan bizi dira eta era askotako soinuak erabiltzen dituzte elkarrekin komunikatzeko.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beluga bat Vancouver hirian.

Belugek arrainak, txipiroiak, olagarroak, karramarroak, izkirak, sardinzarrak eta izokinak jaten dituzte, batez ere.