Berlin

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Berlin Alemaniako hiriburua eta hiririk handiena da; baina Alemaniako estatu federatu baten izena ere bada. Hiriak, 2011ko datuen arabera 3.400.000 (3,4 milioi) biztanle ditu. Alemaniako ekialdean dago.

Klima epela du eta hiria nahiko laua da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiria zeharkatzen zuen Berlingo Harresiaren zati bat

1307an sortu zen hiri hau. Garai batean, Prusia izeneko herrialde bateko hiriburua izan zen, eta Alemania herrialdea sortu zenean, 1871n, Alemaniako hiriburu bihurtu zen. Une hartatik aurrera, hiria oso azkar handitu zen, lantegi asko eraiki zirelako eta jende asko joan zelako hirian bizi eta lan egitera. Gainera, lehen aldiriko trenak eta lehen metroak eraiki ziren.

Bigarren Mundu Gerran Berlinen zati handi bat deuseztuta geratu zen. Alemaniak galdu zuen gerra, eta 1949an, gerra amaitzean, Alemania bi herrialdetan banatuta geratu zen: batetik, Alemaniako Errepublika Federala mendebaldean, gobernu demokratikoarekin, eta hiriburua Bonn hirian; eta, bestetik, Alemaniako Errepublika Demokratikoa ekialdean, gobernu komunistarekin eta hiriburua Berlinen. Baina, gainera, Berlin hiria bera ere zati bitan banatuta geratu zen: Ekialdeko Berlin, sobietarren eta komunisten kontrolpean, eta Mendebaldeko Berlin, gerrako irabazleen kontrolpean; hau da, Estatu Batuen, Frantziaren eta Bretainia Handiaren kontrolpean. Sobietar eta komunisten kontrolpean zegoen zatian bizi ziren askok ihes egiten zuten mendebaldera, eta, horregatik, komunisten agintariek hiriko bi zatiak banatzeko harresi luze bat eraiki zuten 1961ean, Berlingo Harresi ospetsua. Harresi horren eraginez, Berlin hiriko bi zatietako biztanleak banatuta bizi izan ziren 28 urtez, harresia 1989an "erori" zen arte. Egiatan gertatu zena izan zen Sobiet Batasuna eta komunismoa desagertu zirela eta, horren ondorioz, komunisten kontrolik gabe, harresia bota ahal izan zutela. Mundu osoan ospatu zen Berlingo Harresia 1989an botatzea eta bi zatiak berriz elkartzea. Geroago, azkenik, bi Alemaniak batu ahal izan ziren, eta Berlin da geroztik Alemaniako hiriburu bakarra.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berlin oso handia da eta hainbat parke, baso eta laku ditu, hala nola Wannsee lakua mendebaldean eta Müggelsee ekialdean; gainera, bi ibai igarotzen dira hiritik: Spree ibaia ekialdean eta Havel ibaia mendebaldean. Gainera, Berlinek museo eta leku interesgarri asko ditu, adibidez, Brandeburgoko atea, Reichstag delakoaren eraikina edo zoologikoa. Berlingo Harresiaren zeinbat zati ere geratzen dira ikusgai.