Vikidiatik

Berotze globala

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Berotze globala irudikatzen duen marrazkia.

Lurraren batez besteko tenperatura mantso-mantso igotzen ari da. Joera horri berotze globala deitzen zaio.

Berotze globala zer den ulertzeko, beharrezkoa da jakitea zer den berotegi-efektua. Berotegi bat kristalezko edo plastikozko egitura bat da, landareak hazteko erabiltzen dena kanpoan egiten duen hotzetik babesturik. Kristal edo plastikoak argiari igarotzen uzten dio, baina barruan berotasuna mantentzen du; beroa eraikin horren barruan geratzen da eta landareek bizirik jarrai dezakete, kanpoan tenperatura oso hotza egiten badu ere.

Era berean, Lurraren atmosferak eguzkiaren energia harrapatzen du. Karbono dioxidoak eta airean dauden beste gas batzuek (berotegi-efektu gas deitzen dira) harrapatzen dute beroa. Gas horiek gabe, espaziora bero gehiegi aterako litzateke eta izaki bizidunek ezingo lukete biziraun. Hala ere, airean zenbat eta berotegi-efektuko gas gehiago egon, orduan eta bero handiagoa harrapatzen dute. Horrek planetaren berotze globala eragiten du.

Zergatik gertatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurreko historiaren zati handi batean, berotegi efektuko gasak ez dira arazo bat izan. Aldiz, egoera hori aldatu egin zen jendea erregai fosilekiko (petrolioa, gasa eta ikatza) mendeko bihurtu zenean. Gaur egun, helburu askotarako erabiltzen ditugu erregai fosilak: fabrikek funtzionatzeko, autoak mugiarazteko, elektrizitatea sortzeko, etxeak berotzeko, etab. Erregai fosilak erretzen direnean, karbono dioxidoa botatzen dugu atmosferara.

Gainera, gizakiok baso asko bota ditugu; bada, zuhaitzek karbono dioxidoa erabiltzen dute haien elikagai propioak egiteko. Ondorioz, zuhaitz gutxiago egoteak atmosferatik karbono dioxido gutxiago kentzea dakar.

Kezkatu behar dugu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzialariek ez dakite zehazki nola berotuko den Lurra denbora igaro ahala. Batzuek uste dute 2100. urterako, tenperatura 1,8 eta 4 °C artean igoko dela. Lurrean klima epelagoa egonez gero, izaki bizidunek kalte handiak jasango dituzte, eta haietariko asko desagertuko dira. Horretaz gain, poloetako izotza urtzea eragin dezake. Horren ondorioz, itsasoaren maila igo egingo litzateke, eta, beraz, kostaldean dauden landareak, animaliak eta eraikinak arriskuan egongo lirateke.

Zerbait egin dezakegu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berotze globalak jende asko kezkatzen du munduan. Baina interes asko daude tartean, eta pertsona batzuek ez dute onartzen arazo bat denik. Gehien kezkaturik dauden gobernuak bai ari dira ahaleginak egiten airera botatzen diren berotegi efektuko gasak mugatzeko.

Guk, pertsona bakoitzak ere lagundu dezakegu; adibidez, ibilgailu pribatuak gutxiago erabiliz. Edo energia ere aurreztu dezakegu, beharrezkoak ez diren argiak eta beste gailu elektronikoak itzaliz.

Berotze globalaren ondorioak iruditan[aldatu | aldatu iturburu kodea]