Beso

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Gizaki baten besoa.

Besoa gorputzaren atal bat da. Gizakion eta tximinoen goiko gorputz-adarra da (beheko gorputz-adarrak hankak dira), sorbaldatik hasita eskuraino iristen dena. Bi zati ditu:

Ukondoa da bien arteko artikulazio edo giltzadura, eta hari esker egin daitezke hainbat mugimendu.

Besoetako giltzadurak eta hezurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besoak hiru giltzadura ditu:

  • Goian, besaburuan; hari esker, norabide guztietan mugi daitezke besoak.
  • Erdian, ukondoan: hari esker, besoak uzkurtu edo luzatu daitezke.
  • Behean, eskumuturrean: hari esker, eskuen mugimenduak egin daitezke.

Bestalde, besoak hiru hezur ditu:

  • Besondoan, besoaren goiko zatian alegia, humeroa edo besahezurra dago.
  • Besaurrean, beheko zatian, berriz, kubitua eta erradio izeneko hezurrak daude. Bi hezur hauek humeroa baino meheagoak dira.

Nola mugitzen dira besoak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besoak giltzadura eta muskuluei esker mugi daitezke. Besoetako hezurrak, hezur guztiak bezala, organo zurrun eta gogorrak dira eta giltzaduren bidez daude elkarri lotuta; baina giltzadura edo artikulazioak, hain zuzen, hezurren hainbat mugimendu egiten uzten duten loturak dira. Muskulu edo giharrak, aldiz, organo elastikoak dira (hots, luzatu eta uzkurtu daitezke, hautsi gabe) eta hezurrei loturik daude tendoien bidez. Giharrak luzatzen edo uzkurtzen direnean, hezurrak mugiarazi egiten dituzte.

Besondoan, muskulu edo gihar pare bat daude humeroari lotuta; haietako bat, bizeps izenekoa, besoa uzkurtzeko erabiltzen duguna da, eta bestea, berriz, trizeps izenekoa, luzatzeko. Zehazki, bizepsa uzkurtzen dugunean, besaurreko erradioari tira egiten dio tendoiaren bidez eta horrela lortzen dugu besaurrea mugitzea. Bestalde, bularrean dauzkagun muskulu batzuek (bular-muskuluek, hain zuzen), sorbaldako muskuluek (deltoideek) eta beste gihar batzuek humerotik tira egiten dute besoa mugitzeko.