Bigarren Mundu Gerra
Bigarren Mundu Gerra 1939ko irailaren 1etik hasita 1945eko irailaren 2ra arte egon zen gerra edo gatazka armatu handi bat izan zen; Europa, Afrika eta Asian gertatu zen eta 70 herrialdek baino gehiagok hartu zuten bertan parte, eta ez bakarrik kontinente horietakoek, Amerika eta Ozeaniako herrialde batzuek ere hartu baitzuten parte. Nagusiki, herrialde horiek deneak bi aliantza militarretan banatu ziren:
- Aliatuak: Erresuma Batua, Frantzia, Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna, batez ere.
- Ardatzeko potentziak: Alemania, japoniar Inperioa eta italia, batez ere.
Historiako gerrarik handiena izan zen, milioika militar mobilizatu zituen eta uste da 50 eta 80 milioi bitarte pertsona hil zirela bertan, gehienak zibilak (hau da, soldaduak ez). Arma nuklearrak erabili ziren gerra bakarra izan zen.
Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1939: Gerraren hasiera Europan[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europan, gerra 1939ko irailaren 1ean hasi zen, Alemaniak Poloniari eraso zionean. Horren ondorioz, irailaren 3an, Erresuma Batuak eta Frantziak gerra deklaratu zioten Alemaniari, baina ez zuten Poloniari laguntzeko troparik bidali. Horrela, armada alemaniarrak Blitzkrieg edo Tximista Gerra (oso eraso azkarra) burutu zuen: Varsovia irailaren 27an erori zen, eta azken tropa poloniarrak urriaren 6an errenditu ziren. Bestalde, irailaren 17an, Sobietar Batasunak ere ekialdetik eraso zion Poloniari. Gainera, azaroaren 30ean, Sobietar Batasunak Finlandiari eraso zion.
1940: Gerraren hedapena Europa eta Afrikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urte honetan, honako hauek izan ziren Europako gerran izandako gertakari nagusienak:
- Norvegia eta Danimarkaren inbasioa: Naziek Norvegia eta Danimarka inbaditu zituzten apirilean, eta ekainean Sobietar Batasunak Estonia, Letonia eta Lituania okupatu zituen, baita Errumaniako lurralde batzuk ere.
- Frantziako bataila: maiatzean, Alemaniako tropak Frantzian sartu ziren eta nahiko azkar okupatu zuten Frantziako iparralde guztia, Mantxako kanalera iritsi arte. Ekainean, alemaniar armada Parisen sartu zen eta Italiak ere gerra deklaratu zion Frantziari; Frantziak eta Alemaniak sinatu zuten armistizioaren bidez, herrialdea bi zatitan banatuta geratu zen: iparraldea eta mendebaldeko kostaldea Alemaniaren mende, eta gainontzeko guztia Philippe Petain mariskalak zuzentzen zuen Vichyko Gobernu kolaboratzailearen esku.
- Ingalaterrako bataila: Frantzia garaitu ondoren, Hitlerrek uste zuen Erresuma Batua ere laster errendituko zela. Baina gobernu britainiarrak, Winston Churchill buru zuela, borrokatzen jarraitzea erabaki zuen. Bretainia Handiaren inbasioa prestatzeko, alemaniarrek airean nagusitasuna lortu nahi izan zuten lehendabizi eta, horregatik, hegazkineria hutsezko Ingalaterrako bataila borrokatu zen. Britainiarrarrek pilotu gutxiago eduki arren, alemaniarren aire-erasoa geldiarazi ahal izan zuten. Hori ikusirik, Londres bonbardatzen hasi ziren. Hala ere, britainiarrek azkenik Mantxako kanala kontrolatzea lortu zuten eta alemaniarren inbasioa bertan behera geratu zen.
- Italiaren erasoak: Afrika iparraldean, Italiak Egiptoko kolonia britainiarrari eroasi zion, Suezko kanala kontrolatzeko asmoz, baina armada britainiarrak eutsi egin zion erasoari. Europan, berriz, italiarrek Greziari eraso zioten, baina han ere porrot egin zuten.
1941: Gerraren hedapena mundu osora[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europako lurralde askotara eta Europak Afrikan zituen kolonietara zabaldu ondoren, mundu osora hedatu zen gerra, bereziki Asiako ekialdera eta Ozeano Barera, eta Ameriketako Estatu Batuak ere sartu ziren gerran.
Urte honetan, gerra honela garatu zen:
Ipar Afrikako kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Italiako armadaren porrotaren ondorioz, Hitlerrek errefortzuak bidali behar izan zituen ipar Afrikara. Otsailean, lehenengo tropa alemaniarrak iritsi ziren Libiara, Erwin Rommel jeneralaren agindupean: Afrika Korps izenarekin ezagutzen dira tropa hauek. Hasieran, aliatuen erasoei eusteko agindua baino ez zeukan Rommelek; baina erresistentzia ahula jaso zuela ikusita, erasoari ekin zion, eta britainiarrak Egiptoko mugaraino bultzatu zituen. Abendurako, ordea, britainiarrek galdutako lurralde osoa berreskuratu zuten.
Balkanetako kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hitlerrek Sobietar Batasunari eraso nahi zion, baina, hori baino lehen, iruditzen zitzaion Europako hegoalde osoa menderatzea ezinbestekoa zela. Horretarako, Italia eta Greziaren arteko gatazka bukatu behar zen.
- 1940-41 bitarteko neguan, alemaniarrek Hungaria, Errumania, Bulgaria eta Jugoslaviako gobernuekin negoziatu zuten Ardatzeko potentziekin bat egiteko.
- 1941eko martxoaren 27an, ordea, Jugoslavian Ardatzaren aurkako estatu-kolpe bat burutu zen, eta, horregatik, Greziaz gain Jugoslavia ere jarri zuten naziek beren jomugan.
- 1941eko apirilean, tropa alemaniarrek, italiarrekin eta hungariarrekin batera, Jugoslavia eta Greziaren kontra egin zuten. Greziak britainiarren laguntza izan bazuen ere, Ardatzaren aurrerakada geldiezina izan zen. Jugoslavian, gainera, erresistentzia ez zen oso gogorra izan; Belgrad hiriburua apirilaren 12an hartu zuten eta herrialdea apirilaren 17an errenditu zen. Grezian ere, Ardatzaren erasoa azkarra eta eraginkorra izan zen. Hilaren bukaerarako, nazien menpe zegoen jada.
- Maiatzaren 20an, alemaniarrak Kretaren aurkako erasoari ekin zioten. Ekainaren 1erako guztiz okupatuta zegoen. Luftwafferen nagusitasunaren aurrean, RAF britainiarrak hornigaiak eta tropak Egiptora garraiatu zituen, hurrengo borroketarako gordetzearren.
Alemaniarren garaipena bizkorra eta zalantzarik gabekoa izan arren, Balkanetako kanpainak bost astez atzeratu zuen Bizargorri Operazioa, Sobietar Batasunaren inbasioa alegia.