Bigarren Mundu Gerra: 1940, Europa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Adolf Hitler beste buruzagi nazi batzuekin Eiffel dorre ondoan.

1940. urtean, gerra Europako herrialde askotara zabaldu zen, baita Europatik kanpoko kolonietara ere.

Norvegia eta Danimarkaren inbasioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Apirilaren 9an, naziek Danimarka eta Norvegiari eraso zieten. Danimarka berehala errenditu zen eta nazien okupazioa arina izan zen, beste herrialdeek jasan zutenaren aldean behintzat. Norvegiako inbasioa korapilatsuagoa izan zen, baina, azkenik, ekainaren 10ean errenditu zen.
  • Ekainean, Sobietar Batasunak Estonia, Letonia eta Lituania herrialdeak okupatu zituen, baita Errumaniako lurralde batzuk ere.

Frantziako bataila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alemaniarrek maiatzaren 10ean hasi zuten Frantziaren kontrako erasoa.
  • Maiatzaren 12an frantziarrak inbaditzaileak geldiarazten saiatu ziren Mosa ibaian, Sedandik hurbil, baina porrot egin zuten.
  • Alemaniarrek Frantziako iparralde osoan egin zuten aurrera, Mantxako kanalera iritsi arte, maiatzaren 20an.
  • Aliatuen armadaren zati handi bat Belgikan inguratuta geratu zen, haien atzerakadaren ondorioz. Maiatzaren 26tik ekainaren 3a bitartean, Dunkerquen aliatuek 300.000 soldadutik gora atera behar izan zituzten Frantziako kostaldetik.
  • Ekainaren 5ean, alemaniar armada Paris aldera jo zuen.
  • Ekainaren 10ean, Frantziaren porrota ikusita, Mussoliniren Italiak aukera aprobetxatu zuen Frantziari gerra deklaratzeko.
  • Ekainaren 14an, naziak Parisen sartu ziren.
  • Ekainaren 22an, Frantziak eta Alemaniak armistizioa sinatu zuten. Horren arabera, Frantziako iparraldea eta mendebaldeko kostaldea Alemaniaren mende geratu ziren. Horren hegoaldean, gobernu kolaboratzailea eratu zen, hiriburua Vichyn zuena, Philippe Petain izanik gobernuburua. Haien aurka, Charles de Gaulle jenerala jarri zen, Erresuma Batuko erbestetik “Frantzia Askea”ren buru.

Ingalaterrako bataila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzia garaitu ondoren eta Erresuma Batuko armadaren hornigai eta arma gehienak Dunkerquen galdu eta gero, Hitlerrek uste zuen Erresuma Batua laster errendituko zela. Baina gobernu britainiarrak, Winston Churchill buru zuela, borrokatzen jarraitzea erabaki zuen, bakarrik bazen ere.
Alemaniarrak Bretainia Handiaren inbasioa prestatzen hasi ziren. Ezinbestekotzat jo zuten airean nagusitasuna lortzea, uste baitzuten ez zutela menderatuko Itsas armada britainiar boteretsua; horregatik, hegazkineria hutsezko Ingalaterrako bataila borrokatu zen.

  • 1940ko udan, Alemaniako hegazkineria (Luftwaffe) Britainia Handiko aireportuak eta radar estazioak bonbardatzen hasi zen. Baina hegazkineria britainiarra (RAF) espero baino kementsuago aritu zen, pilotu gutxiago eduki arren. Hitlerrek Londresen bonbardaketa agindu zuen. Hala ere, RAF nagusitu zen azkenean eta Mantxako kanala kontrolatzea lortu zuen.
  • Irailaren 17an, Erresuma Batuko inbasioa atzeratu zuen Hitlerrek, eta hasieran hurrengo urterako egitekoa bazen ere, azkenean bertan behera geratu zen.

Italiaren erasoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]