Bigarren Mundu Gerraren hasiera Europan

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Alemaniak egindako mugimenduak erakusten dituen mapa.

Gerraren aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren ondoren, Versaillesko Itunean, herrialde garaileek zigor ekonomiko eta politiko larriak ezarri zizkieten herrialde garaituei, Alemaniari bereziki. Alemanian, jende askoren ustez, zigor horiek bidegabekeriak eta umiliagarriak izan ziren. Gainera, 1929ko krax delakoak krisialdi ekonomiko larria eragin zuen, eta krisialdi ekonomikoan itota, jende askok sistemaren kontrako alderdietara jo zuen. Arrakastatsuena Adolf Hitlerren alderdi nazia izan zen.

Hitlerrek 1933ko urtarrilaren 30ean hartu zuen boterea Alemanian. Bere helburua Alemaniarako etorkizun loriatsua eta oparoa lortzea zen. Horretarako, Alemaniaren inguruko lurraldeak konkistatu eta alemaniar bihurtu nahi zituen. Horrela, ondoko pausoak eman zituen ondoko urteetan:

  • Sarre eskualdea berriro okupatu zuen 1935ean.
  • 1938ko martxoan Austria batu zuen Alemaniarekin.
  • Txekoslovakiako Sudeteak izeneko eskualdean bizi ziren 3 milioi alemaniarrei laguntza eskatu zien Alemaniarekin bat egiteko.
  • 1938ko urrian, gainerako Txekoslovakiari eraso zion.

Frantziak eta Erresuma Batuak 1939an Poloniari laguntza eskaini zioten Alemaniak eraso eginez gero. Bestalde, Sobietar Batasunak, nazien jomugan egon arren, itun bat sinatu zuen (Molotov-Ribbentrop ituna) Alemaniarekin 1939ko abuztuaren 23an elkarri ez erasotzeko.

Gerraren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra honela hasi zen:

  • 1939ko irailaren 1ean, Alemaniako armadak Poloniari eraso zion.
  • Ondorioz, irailaren 3an, Erresuma Batuak eta Frantziak gerra deklaratu zioten Alemaniari, baina ez zuten Poloniari laguntzeko troparik bidali.
  • Polonian, armada alemaniarrak Blitzkrieg edo Tximista Gerra burutu zuen. Varsovia irailaren 27an erori zen, eta azken tropa poloniarrak urriaren 6an errenditu ziren.
  • Irailaren 17an, Sobietar Batasunak ekialdetik eraso zion Poloniari, Alemaniarekin zeukan itunaz baliatuz.

Gainera, Poloniaren inbasia aprobetxatuz, Sobietar Batasunak ere erasoak egin zizkien bere aldameneko beste herrialde batzuei:

  • 1939ko azaroaren 30ean, Finlandiari eraso zion. Haren armada Finlandiakoa baino lau aldiz handiagoa zen arren, Armada Gorria lotsagarri gelditu zen eta Finlandiako defentsak herrialde osoko inbasioa eragotzi zuen. Hala ere, Finlandiak Leningrad inguruko eremu estrategiko batzuk galdu zituen.
  • 1940ko ekainean, Estonia, Letonia eta Lituania herrialdeak okupatu zituen, baita Errumaniako Besarabia eta Ipar Bukovina eskualdeak ere.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]