Bioma

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Biomak antzeko klima, landareak (flora) eta animaliak (fauna) dituzten lur-zona handiak dira; edo, bestela esanda, antzeko ezaugarri ekologikoak eta klimatikoak dituzten lur-eremu handiak. Horregatik, badira lur-eremu antzekoak, baita kontinente desberdinetan egon arren ere. Adibidez, mapan baso tropikalak non dauden begiratzen badugu, ikusiko dugu Hego Amerikan, Afrikan eta Asian badirela.

Lehorreko biomak, landarediaren arabera.

Bioma hitzak bizigune esan nahi du, gutxi gorabehera. Kontuan izan behar da animaliak eta landareak beti egokitzen direla bizi diren lekuen klimara; baina klima bera izan arren, ingurune desberdinak izaten dira, eta, beraz, baita habitat desberdinak ere. Beraz, bioma hitzak habitat hitzak baino esanahi zabalagoa du, bioma batean habitat asko egon daitezke eta.

Biomen sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biomak baldintza klimatikoen arabera sailkatzen dira, baldintza horiek eragin sendoa baitute toki batean bizi diren izaki bizidunen ezaugarrietan. Bioma bakoitzak landare, animalia, lurzoru eta klima mota homogeneoak (antzeratsukoak) izaten ditu. Hainbat elementu erabiltzen dira biomen ezaugarriak definitzeko: landaredi mota (zuhaitzak, zuhaixkak edo belarrak diren), hosto motak (hostozabalak, koniferoak), landareen sakabanaketa (basoa, sabana) eta klima.

Bioma berari izen ezberdina ematen zaio batzuetan tokiaren arabera. Esaterako, belardi, sabana eta sastrakadi epelak deituriko biomari ''estepa'' deritzo Asia erdialdean, ''belardi'' Ipar Amerikan, eta ''panpa'' Hego Amerikan.

Esan bezala, klima da bioma lehortarren banaketan eragina duen faktore nagusia. Faktore klimatiko nagusiak honakoak dira:

  • latitudea: artikoa, boreala, epela, subtropikala, tropikala.
  • hezetasuna: hezea, erdihezea, lerdilehorra eta lehorra.
    • urte sasoien bariazioa: euriak urte osoan zehar gerta daitezke edo sasoi batean soilik.
    • uda lehorra, negu hezea: Lurreko eskualde askotan udan izaten dira prezipitazio gehienak; beste leku batzuetan, batez ere neguan gertatzen da prezipitazioa.
  • altitudea: garaiera altuagoetara jotzean gertatzen den habitaten banaketa, latitude altuagoetara jotzean gertatzen denaren parekoa da.

Biomak sailkatzeko gehien erabiltzen den sistemak latitudea (azken finean, tenperatura) eta hezetasuna izaten ditu kontuan ditu. Oro har, biodibertsitatea handiagoa da ekuatorera hurbildu ahala eta hezetasuna gehitu ahala.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]