Bizi estralurtarra

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Bizi estralurtarra Lur planetatik kanpo sortutako biziari esaten zaio. Orain arte zientzialariek ez dute topatu eta, horregatik, nahiz eta gero eta ebidentzia gehiago aurkitu, hipotesi hutsa da, hau da, frogatu gabeko ideia.

Zer teoria daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baldin eta bizi estralurtarra badago, zientzialari batzuek uste dute Unibertsoko hainbat tokitan sortu zela, elkarren eraginik gabe. Beste batzuek panspermia teoria defenditzen dute; hau da, bizia toki batean sortu zela eta hortik beste planeta bizigarri batzuetara hedatu zela. Dena den, bi teoria horiek ez dute elkar baztertzen. Bizi estralurtarraren ikerketa eta teorizazioari exobiologia esaten zaio.

Komikietan sarritan estralurtarrak irudikatu dira.

Non egon daiteke?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizi estralurtarra garatu omen duten tokiei dagokienez, honakoak iradoki dira: Marte, Jupiterren eta Saturnoren sateliteak (Europa, Entzelado edo Titan) eta, azkenaldian, Gliese 581 c, eguzki-sistematik kanpo bere izarraren eremu bizigarrian dagoen planeta ezagun bakarra. Gainera, ur likidoa daukala ere esan da.

Bizi estralurtarra aipatzen dugunean ez dugu esan nahi gizaki berde edo munstroak: bizia mikroskopikoa izan daiteke, bakterioak, adibidez. Gerta daiteke, halaber, planeta batean aspaldi bizia egon izana baina gaur egun ez; dena dela, horien aztarnak egotea ere oso interesgarria izango litzateke zientzialarientzat.

Estralurtarrak gure kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakia aspalditik saiatu da asmatzen nolakoak izan daitezkeen estralurtar horiek. Izan ere, zientzia fikzioaren garapenarekin batera, jende frankok adierazten du Objektu Hegalari Ezezagunak, gailu hegalari identifikatu gabeak, edo izaki estralurtarrak ikusi dituela. Estralurtarraren irudia oso zabalduta dago kultura popularrean (telebistan, zineman, komikietan, literaturan...).