Bizkarrezur

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Gizakiaren bizkarrezurra: lepoaldea (laranjaz); bizkarraldea (indigoz); gerrialdea (horiz); sakroa (berdez); kokzixa (morez).

Bizkarrezurra ornodunetan burutik isatseraino bizkarrean zehar doan orno-segida da, muina babesten duena. Berez, 24 orno dira gizakion bizkarrezurra osatzen dutenak:

  • 7 orno lepoaldean: buruari eusten diote eta mugitzeko gaitasun handia ematen diote.
  • 12 bizkarraldean; saihets-hezurrekin batera, torax edo bular-kaxa osatzen dute, eta bihotza eta birikak babesten dituzte. Orno hauen mugikortasuna txikiagoa da, toraxa jiratzen uzten dute, besterik ez.
  • 5 gerrialdean: giza gorputzaren pisuaren zatirik handiena jasaten dute; horregatik, eboluzioan zehar, tamaina eta erresistentzian handitu egin dira, baina oraindik malguak dira. Flexio mugimenduak egiten uzten digute, hainbat norabidetan.

Badira beste 8 orno edo hezur bizkarrezurraren beheko muturrean, sakro eta kokzix aldean, zehazki, elkarri lotuta daudenak. Hezur hauek oso mugikortasun eskasa dute.

Ornoak bata besteari giltzaturik daude, ez ordea bat eginik; horregatik, malgua da, eta horri esker makur gaitezke edo jira dezakegu bizkarra.

Bizkarrezurra giza gorputzaren ardatz nagusia da eta eskeletoaren zati guztiak lotzen ditu. Enborrari eusten dio, eta horregatik egon gaitezke tente, bai eta ibili ere.