Vikidiatik

Bob Dylan

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Dylan, 2010ean, Gasteizko Azkena Rock jaialdian.

Bob Dylan abeslari eta musikagile estatubatuar bat da. Bere ibilbide osoab, 500 abesti baino gehiago idatzi ditu, eta abesti horiek 2.000 artistak baino gehiagok grabatu dituzte. Dylan Literaturako Nobel Saria irabazitako lehen musikaria izan zen, 2016an irabazi zuenean.

Haren egiazko izena Robert Allen Zimmerman da. Duluth izeneko hirian (Minnsesota, AEB), 1941eko maiatzaren 24an, baina Minnesotako ipar-ekialdean dagoen Hibbing hirian hazi zen. Robert oso goiz hasi zen gitarra eta pianoa jotzen. Bigarren Hezkuntzako lehenengo urtean zegoela, bere lehenengo rock taldea osatu zuen, Golden Chords. Denbora labur batez Minnesotako Unibertsitatean ikasi zuen, Minneapolisen. Bertako kafetegietan hasi zen folk musika jotzen eta Bob Dylan izena erabiltzen. 1961ean New Yorkera joan zen bizitzera.

Musika-ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dylan New Yorkeko Greenwich Village auzoko Folk musikaren mundu kulturaleko partaide bihurtu zen eta, laster, jarraitzaile batzuk lortu zituen. Bertara bizitzera joan eta urtebetera, Dylanek musika-ekoizle garrantzitsu baten arreta piztu zuen, eta lehen disko-kontratua sinatu zuen. Lehen albuma, Bob Dylan izenekoa, 1962an kaleratu zuen.

Dylanen lehen albumak folk musikakoak izan ziren. Folka eta rocka Bringing It All Back Home (1965) albumean nahasten hasi zen, eta musika-tresna elektrikoak ere erabili zituen. Folketik rockerako saltoa Highway 61 Revisited (1965) plazaratu zuenean eman zuen. 1965 eta 1966 artean birak egin zituen, motozikleta-istripu baten ondorioz birak egiteari utzi behar izan zion arte.

Bi urte geroago John Wesley Harding (1968) albuma plazaratu zuen. Album horretan, country musikaren eragina izan zuen. Hurrengo albuma Nashville Skyline (1969) izan zen, Country rock generoa zabaltzen lagundu zuen albumetako bat izan zena.

1970eko hamarkadan Dylanek album arrakastatsuen zerrendako lehen postuetan zeuden bi album plazaratu zituen: Blood on the Tracks (1975) eta Desire (1976). 1979an Dylan kristautasunera bihurtu zen; hiru urtez, erlijiozko materiala bakarrik grabatu eta interpretatu zuen.

1980, 1990 eta 2000ko hamarkadetan, Dylanek birak eta grabazioak egiten jarraitu zuen. Urte horietan, honako hauek izan ziren haren album ezagunetakoak: Oh Mercy (1989), Time Out of Mind (1997), eta Love and Theft (2001). 70 urte zituela ere abesten jarraitu zuen aktiboki.

Grabazioez gain, Dylanek poesia-liburu bat, Tarantula (1971), eta autobiografia bat, Chronicles: Volume One (2004), ere argitaratu ditu. Zenbait pelikulatan ere parte hartu du, hala nola, Don't Look Back (1967) eta No Direction Home: Bob Dylan (2005) dokumental ezagunetan.