Bulimia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Bulimia (edo bulimia nerbiosoa) elikadurarekin zerikusia duen arazo edo desoreka bat da, jateko gogo ezohiko eta gehiegizkoa eragiten duena, baita benetako goserik ez izan arren. Arazo edo gaixotasun hau nerabezaroaren ondoren hasten da askotan, gaixoak 19 urte inguru dituenean, eta jatorri fisiologikoa eta psikologikoa du. Pertsona bulimikoek ezin dute jateko inpultsoa kontrolatu, eta, sarritan, ezkutuan jaten dute, errudun eta lotsatuta sentitzen direlako, eta depresioak jasaten dituzte batzuetan. Kasu askotan, jan ondoren, gaixoek nolabait kontrolatu nahi izaten dute beren elikadura, baina gaizki egiten dute: nahita behartzen dute beren burua jandakoa botatzera, eta horrek lesioak sor ditzake hestegorri edo esofagoan, bai eta hortzetan ere, gonbitoen azidotasunagatik. Beste batzuetan, laxanteak erabiltzen dituzte gorputza husteko eta jaten jarraitzeko.

Gaixo bulimikoek janari kantitate handiak hartzen dituzte denbora gutxian, eduki energetiko handikoak; betekada bakoitzean 10.000 eta 40.000 bitarte kaloria kontsumitzera irits daitezke.

Elikadura-desorekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bulimia anorexiarekin lotuta dagoen gaixotasuna da, eta askotan, batera agertzen dira. Izan ere, bi gaixotasunak elikadura-desorekak dira eta gorputzaren pisu eta itxuraren inguruko obsesioaren ondorio dira. Beraz, gaixotasun fisikoak baino gehiago, gaixotasun mentalak direla esan daiteke. Askotarikoak dira honelako desorekaren bat jasaten duten pertsonak, baina oro har, badirudi %90 emakumezkoak eta %10 gizonezkoak direla.

Honelako desorekak momentu zailetan agertzen dira batez ere. Esaterako, emakumezkoetan ohikoa izaten da nerabezaroan edota menopausia etortzerakoan pairatzea desorekak, bi kasuetan beren buruarekiko segurtasuna galtzen dutelako. Hain zuzen, arazo batzuk aurkitzen dituzte euren bizitzan —gazteen kasuan, familia eta lagunekin dituzten erlazioen aldaketak, bizimodua aurrera atera beharra, etab.—. Sarritan, ez dute jakiten segurtasun ez hori nola zuzendu eta janaria kontrolatzen saiatzen hasten dira. Eta hor agertzen da arazoa.

Kontrolatzen dutela uste arren, ez da horrela, noski. Janariaren bidez emozioak menperatu nahi izaten dituzte, eta azkenean, oharkabean tranpa batean erortzen dira. Buruko gaixotasuna da, eta oso zaila da hortik ateratzea. Laguntza medikoa (psikiatrak, psikologoak eta endokrinoak) behar izaten da sendatzeko, baina horretarazko ezinbestekoa da gaixoak berak zulo horretatik irten nahi izatea. Sendatzeko prozesua oso luzea izan daiteke: batez beste, hiru eta bost urte bitartean iraun dezake, eta gehiago ere bai, adinaren arabera edota gaixotasunaren iraupenaren arabera. Gauza askok baldintzatzen dute prozesua; batzuetan patologia hau beste psikopatologia batekin agertzen da, nortasun-nahastearekin, esaterako. Horrek ez du esan nahi sendatzea ezinezkoa denik, baina bai konplikatuagoa.

Gainera, badago sendatzen ez den kopuru bat: %30az hitz egiten da, baina ez dakigu ziur. Halere, egoera kronikoa bilakatu arren, egoera asko hobetu daiteke gaixoak tratamendua hartzen badu.