Burmuin

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Burmuin edo garuna.

Burmuin edo garuna, gorputzeko organorik garrantzitsuenetarikoa da. Buruan dago kokatuta, burezur edo garezurrean zehazki, eta bere tamaina aldakorra da. Zerebelo edo garuntxoarekin eta bizkarrezur-erraboilarekin batera entzefaloa osatzen dute, garuna izanik hiruretatik handiena.

Garunak ia gure ekintza guztiak kontrolatu egiten ditu, baita lotan gaudenean ere.

Burezurraren baitan hetsia, garunaren estruktura orokorra beste ugaztunena bezalakoa da, baina gorpu-tamaina baliokidea duten beste ugaztunekin konparatuta, gure garuna hiru aldiz handiago da.

Garuna da nerbio-sistemaren egitura zuzendaria, konplexuena eta gorena.

Osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza garunak 50 eta 100 mila miloi neurona bitartean dituela uste da. Zelula horiek 1000 biloi (1015) arteko konexio sinaptikoen bidez bidaltzen dituzte seinaleak.

Neurona berrien jaiotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garunean etengabe osatu egiten dira neuronak. Neurona berri horien osatze prozesuari, bestalde, neurogenesi deritzo, neuro (neurona) eta genesis (jaiotza edo hasiera) hitzekin eratutako hitz konposatua.

Neurogenesia haurtxoaren garapenaren lehenengo aroetan eta gizakiaren aro helduan ematen da, azken hori, orain dela urte gutxi baieztatu zen. Zientzialariek gainera, animaliekin egindako hainbat esperimenturen bidez, frogatu egin dute neurogenesi prozesua beste animalietan ere ematen dela, adibidez, arratoi helduen garunean.

Neuronak nerbio-sistemaren funtsezko osagaietako bat dira; haiek igortzen dituzte nerbio-bulkadak gorputzeko edozein ataletik, garuneraino.

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garunak, gorputzaren ekintzak eta erreakzioak kontrolatu eta erregulatu egiten ditu. Une oro jasotzen du informazio-sentsoriala, eta berehala, datu horiek analizatu eta ostean, erantzun egiten du, gorputz-funtzioak eta gorputz-ekintzak kontrolatuz.

Garunak gorputzeko ekintza boluntarioak kontrolatzen ditu: gure pentsamendua, gure adimen-funtzioak (oroimena, emozioak, pertzepzioa, adimena bera...), borondatezko mugimenduak, gure zentzumen organoetatik (gure begietatik, belarrietatik edo sudurretik) iristen den informazioa prozesatzen du, etab. Garunak, gainera, entzefaloaren beste organoekin (garuntxoarekin eta bizkarrezur-erraboilarekin) batera lan egiten du. Esan daiteke garunak gure ekintza boluntarioak kontrolatzen dituela, eta entzefaloaren beste organoek (garuntxo edo zerebeloak eta bizkarrezur-erraboilak) gorputzaren funtzio automatikoak, pentsatu gabe egiten ditugunak, koordinatzen dituztela (adibidez, arnasketa, bihotzaren funtzionamendua, oreka, mugimenduen koordinazioa, etab.)

Garunaren kalte eta gaixotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burezurra osatzen duten hezur lodiek babesten dute garuna, gainera, likido zefalorrakideoan esekita dago eta barrera hematoentzefalikoaren bidez odoletik bakanduta. Baina hala ere, giza-garuna oso sentibera denez, minbera da kalte eta gaixotasun mota askorekiko.

Kalte fisikoak, orokorrean barne kalteak, hiru kausa nagusi izaten dituzte normalean: buruan emandako kolpeak, istripu zerebrobaskularrak edota neurotoxina gisa aritu daitezkeen substantzia kimikoak irensteak.

Garun-infekzioa, bestalde, gaitz arraroa da, garuna barreren bidez babestua dagoelako, baina jasotzekotan, oso larria da. Bestalde, giza-garunak, endekapenezko gaixotasunak ere jasan ditzake, besteak beste, Parkinsona, esklerosi anizkoitza eta Alzheimerra. Aitzitik, uste da, garun-disfuntzioek, gutxienez neurri batean, zenbait desoreka psikiatriko eragin ditzaketela, hala nola, eskizofrenia eta depresioa, hala ere, gaur egun, ez da ondo ezagutzen garun-anomalia horien izaera.