Vikidiatik

Charles Dickens

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Charles Dickens, 1852ko erretratu batean.

Charles Dickens XIX. mendeko idazle britainiar garrantzitsu eta ospetsuenetako bat izan zen. Bere liburuak batzuetan oso dibertigarriak diren arren, garai haietan bizitzeko zeuden zailtasun ugariak erakusten dizkigute, bereziki langile klaseko jendeak zituenak. Haren liburuek oso ezagunak izaten jarraitzen dute gaur egun.

Bizitza eta lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Dickens 1812ko otsailaren 7an jaio zen, Portsmouthen, Ingalaterrako hego itsasertzean. Haren familia Londresera joan zen bizitzera 1822an. Dickensen familiak askotan diru arazoak zeuzkan eta aita kartzelan sartu zuten zor batzuengatik; horregatik, 13 urterekin, Charlesek denbora batez eskola utzi behar izan zuen fabrika batean lana egiteko. Geroago, egoera hartan ezagutu zituen lan baldintza zailei buruz idatzi zuen.

Dickens eskolara itzuli zen, aita zorrak ordaindu ondoren kartzelatik irten zenean, baina handik hiru urtera behin betiko utzi zuen eskola bulego batean lanean hasteko. Urte betera kazetari lan bat lortu zuen auzitegietan, eta hori izan zen haren idazle ibilbidearen hasiera. 1833an istorioak eta artikuluak idazten eta izengoiti batekin aldizkari eta egunkarietan argitaratzen hasi zen. Lehenengo eleberria, The Pickwick Papers, 25 urterekin argitaratu zuen eta irakurle asko lortu zituen.

Bizitzan zehar 15 eleberri argitaratu zituen, horietako batzuk oso ospetsuak eta oraindik irakurle askorekin. Oliver Twist liburuak (1838) Londresko kaleetan bizi den umezurtz baten istorioa kontatzen du. Obra honek ospe handia eman zion, hala Ingalaterran, nola AEBetan. 1842an Dickens bere emaztearekin Estatu Batuetara joan zen bere liburuen irakurketak egitera. Herrialde horretan egon zen bitartean, esklabotasunaren aurkako jarrera erakutsi zuen.

Eguberri kanta (1843) garai guztietako gabon istoriorik ospetsuena bilakatu zen; eleberri honen pertsonaia nagusia Ebenezer Scrooge agure diruzale eta ipurterrea da, mamu batzuen bitartez azkenik Gabonetako izpiritua aurkitzen duena. Eleberriak kritika soziala egin nahi zuen, Ingalaterrako jende pobreenak sufritzen zuen egoera zaila erakusteko. Horrekin sekulako arrakasta lortu zuen; enpresaburu amerikar batek, liburua irakurri ondoren, bere langileei oporretako egun estra bat eman ziela ere kontatzen da. Liburu hau Dickensen obra ezagun eta maitatuenetakoa da oraindik ere.

Beste eleberri bat, David Copperfield (1850) izenekoa, zati batean Dickensen haurtzaroan oinarrituta dago. Ondorengo bere liburu askotan, Dickensek arazo sozialei buruz idatzi zuen; adibidez, bere Garai zailak (1854) eleberrian, fabriketako langileek aurre egin beharreko arazoei buruz dihardu.

Azken urteetan, Dickensek gutxiago idatzi eta arrakasta txikiagoa lortu zuen bere liburuekin. 1859an Bi hiriren historia argitaratu zuen: Frantziako Iraultzari buruzko eleberria da. Geroago, 1860 eta 1861 artean beste eleberri bat argitaratu zuen: Itxaropen handiak.

Tren istripu bat izan zuen 1865ean eta sekula ez zen erabat suspertu. Bere egoera hauskorra gorabehera, bidaiatzen jarraitu zuen hil baino denbora gutxi lehenagora arte. 1870eko ekainaren 9an hil zen, 58 urte zituela. Londresko Westminster abadian dagoen Poeten Txokoan lurperatua izan zen, bere hilobiaren inguruan milaka pertsona bilduta zeudela.