Vikidiatik

Charles Lindbergh

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Lindberg, bere hegazkin ospetsuan.

Charles Lindbergh izan zen hegazkinez, eta bera bakarrik, Ozeano Atlantikoa gelditu gabe gurutzatzea lortu zuen lehenengoa.

Charles Augustus Lindbergh 1902ko otsailaren 4an jaio zen Estatu Batuetako Detroit hirian. Hegazkinak pilotatzen (hegazkintza) ikasi zuen Nebraska eta Texas-en. Garai horretan hegazkinak asmakizun berri bat ziren oraindik ere. 1926an posta zerbitzuko hegazkinekin hegan egiten hasi zen Saint Louis, Missouri eta Chicago (Illinois) artean.

1927an Lindberghek sari bat irabazten saiatzea erabaki zuen; sari hori irabazteko, New York hiritik Parisera (Frantzia) egin behar zuen hegan, gelditu gabe. “The Spirit of Saint Louis” deitzen zen hegazkin bat erabili zuen, berarentzat propio egina. 1927ko maiatzaren 20 eta 21ean Lindberghek hegaldia egin zuen, 33 ordu eta 30 minutuan. Lindbergh Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako heroia bihurtu zen berehala.

1929an Anne Morrow idazlearekin ezkondu zen. Geroago, emaztea Lindberghen kopilotu eta nabigatzaile izan zen munduan zehar egindako hegaldietan. 1932an euren semea bahitu eta hil egin zieten. Krimenak mundu osoan izan zuen oihartzuna.

1940ko hamarkadaren hasieran Lindberghek hitzaldiak eman zituen AEBak Bigarren Munduko Gerratik kanpo mantentzearen alde; baina AEBak behin gerran sartuta, gerran parte hartu zuen, eta 50 borroka-misiotan hegan egin zuen Ozeano Bareko gerra-eremuan.

Gerra ostean Lindbergh eta bere familia Connecticut-en bizi izan ziren jendearen arretatik urruti, eta ondoren, Hawaiin. 1974ko abuztuaren 26an hil egin zen Hawaiin.