Dastamen-papila

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Dastamen-papilak mihiaren gaineko aldean dauden konkor moduko batzuk dira, janariaren zaporea bereizten laguntzen digutenak. Organo hauetan jasotzen dugun sentsazioa dastamen-nerbioen bidez iristen da gero gure burmuinera.

Mihia eta dastamen-papilak.

Gizakiok 9.000/10.000 inguru dastamen-papila ditugu, mihian gehienak, baina ahosabai bigunean eta eztarrian ere badira batzuk. Hamar egunez behin aldatzen ditugu, gastatu egiten baitira. Horri esker, mihia errez gero, egun batzuen ondoren berreskuratzen dugu dastamena.

Dastamen-papilek forma eta itxura desberdina dute, eta haien bidez, lau zapore nagusi bereizten ditugu: garratza, mingots edo mikatza, gozoa eta gazia. Dena den, usaimenak ere laguntzen du zaporeak bereizten.

Zaporeek funtzio garrantzitsua betetzen dute elikaduran: ahora sartzen dugunari zapore txarra aurkitzen badiogu, ez dugu irentsiko (gure organismoarentzat txarrak diren hainbat gauzak zapore txarra izaten dute); aldiz, zapore ona duena gustatu egiten zaigu eta irentsi egiten dugu.

Denbora luzez pentsatu da zapore bakoitza mihiaren zati desberdinetan hautematen zela. Gaur egun, hori egia ez dela frogatzen duten datuak daude, eta badakigu dastamen-sentsazioak ahoaren zati guztietan nabaritzen direla.