Demokrazia

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Bozketak demokraziaren unerik eta jarduerarik garrantzitsuenetako bat da.

Demokrazia herrialdeak gobernatzeko era edo sistema politiko bat da, aginpidea hiritar guztien esku uzten duena, hiritarrek hauteskundeetan hautatzen dituzten ordezkarien bidez. Demokrazia batean, hiritarrek eskubidea dute alderdi politiko eta sindikatuetan parte hartzeko. Demokraziak, askotan, errepublika moduan antolatzen dira, baina monarkia konstituzionalak ere izan daitezke (Erresuma Batuan edo Espainian bezala, adibidez).

Hitza antzinako grezieratik dator (demos, herria; kratos, gobernua) eta herriaren aginpidea esan nahi du, hain zuzen ere.


Demokraziaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demokrazia antzinako Grezian jaio zen, gure aroa baino lehenagoko V. mendean, Perikles buruzagiaren garaian. Dena dela, Atenasko gizaseme libreek baino ezin zuten eman botoa; emakumeek ezin zuten botorik eman, ez eta atzerritarrek eta esklaboek ere.

Demokraziaren ideia nahiko berandura arte ez zen berriro agertu historian, Ilustraziora arte, zehazki (XVIII. mendea). Garai hartan, Ingalaterran, biztanleriaren zati batek botoa eman zezakeen legeak erabakitzen zituzten diputatuak hautatzeko. Frantzian, Iraultzak monarkia absolutuaren desagerpena ekarri zuen, baina demokrazia ez zen erabatekoa: 1789 eta 1792 bitartean, gizaseme aberatsek bakarrik zuten botoa emateko eskubidea (errolda-sufragioa deitzen zaio honi); geroago, 1792tik 1795era bitartean, Frantziako Lehen Errepublikaren garaian, hiritar guztiei aitortu zitzaien boto-eskubidea (sufragio unibertsala deitzen zaio honi), baina berriro azken urte hartatik hasita beste mende erdi batean, errolda-sufragioa ezarri zen berriro. Frantziako 1948ko iraultzara arte itxoin beharko da, botatzeko adinean zeuden gizon guztiek boto-eskubidea izan arte; eta 1944ra arte, emakumeei ere eskubide berbera aitortu arte.