Despotismo ilustratua

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Federiko II.a Prusiakoa hainbat filosoforekin (besteak beste, Voltaire, ezkerretik hirugarrena).

Despotismo ilustratua edota Absolutismo ilustratua gobernatzeko modu bat da, XVIII. mendean Europan ( bereziki Austria, Frantzia, Errusia eta Prusian) nagusitu zena. Monarkia absolutuen barruan, eta, beraz, Europako Antzinako Erregimen delakoan kokatu behar da, baina Ilustrazioaren (Argien Mendearen) garaiko ideia filosofikoen eraginarekin osatua edo hobetua. Gobernu mota honetan, monarkek beren borondatea inposatzen zuten parlamentuak kontuan hartu gabe, baina, aldi berean, Ilustrazioaren ideia filosofikoetan oinarrituta, hainbat erreforma egiten zituzten, administrazioa, politika eta ekonomia arrazionalizatzeko eta herri xehearen bizimodua hobetzeko.

Ordura arteko estatu absolutisten arazoak konpontzeko bidean, filosofo eta pentsalari horiek uste zuten ez zela beharrezkoa iraultza bat hobekuntzak ekartzeko; aldiz, aldaketa baketsuak nahi zituzten, goitik behera egindakoak, heziketaren eta legeen bidez, ilustratu gabeko jende xehea hezitzeko eta haien bizimodua nolabait hobetzeko.

Gobernatzeko modu hori ondoko esaldian labur daiteke: "Dena herriarentzat, baina herria kontuan hartu gabe". Hau da, despotismo ilustratuan ez zioten herriari inolako botererik eman nahi bere buruari buruz erabakitzeko; haien "onerako" erabaki guztiak beti goitik hartzen ziren.

Despota ilustratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipagarrienak honako hauek izan ziren:

Frederiko II.a Prusiakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frederiko II.a (1740-1786) Voltaireren laguna izan zen; biblioteka bat erazeko eskatu zion. Prusiako bere lurretan, justizia eraberritu zuen, tortura debekatu eta mendekoen erlijio-askatasuna ezarri (Europako beste hainbat herrialdetan, berriz, hiritar guztiak behartuta zeuden monarkaren erlijio bera edukitzera, Espainian katolikotasuna, adibidez; eta Alemanian, protestantismoa).

Katalina II.a Errusiakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katalina II.a (1762-1796) Diderot filosofo frantsesaren mireslea zen. Hari jarraituz, justizia eraberritzeko lege batzuk ezarri zituen, baina herri xehearen joputasuna edo feudalismoan oinarritutako mendekotasuna bertan behera utzi gabe. Izan ere, jopuak jaun lurdunen zerbitzuan lan egiten zuten nekazariak ziren batez ere, lurjabetza horri lotutakoak eta, beraz, beren borondatearen arabera bizitzeko askatasunik ez zutenak.

Josef II.a Austriakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Josef II.a (1741-1790), Austriako artxiduke eta Hungariako erregea Frederiko II.a Prusiakoaren mireslea izan zen. Joputasuna bertan behera utzi zuen bere lurraldeetan; gainera, prentsa-askatasuna eta erlijio-askatasuna ere ezarri zituen.