Diruaren historia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Lidiako txanpona, gure aroa baino lehenagoko Vi. mendekoa.

Diruaren historia oso luzea da. Aspaldi-aspaldian, jendeak ez zuen dirua erabiltzen saldu edo erosteko, trukea erabiltzen zuten; hau da, zerbait eskuratu nahi zuenak zerbait eskaintzen zion trukean beste norbaiti: adibidez, ardi bat, halako gari-kopuru baten truke. Merkataritza horrela hasi zen, trukea erabiltzen, ez dirua.

Baina, denbora igaro ahala, merkataritzak gauzen balio zehatza finkatzeko beharra izan zuen; izan ere, trukean eskaintzen zena, ardia adibidez, gaixorik egotea edo zaharregia izatea gerta zitekeen, eta salerosketak egiteko behar den konfiantza ezinezkoa izaten zen askotan. Hori horrela izanik, metal baliotsuak hasi ziren erabiltzen, zilarra eta urreabatez ere, mundu guztiak onartzen zuelako haien balioa, eta erraz adostu zitekeelako zein zen metal horien balio zehatza. Horrela, lehen txanponak asmatu ziren, oso erosoak, gainera, leku batetik bestera garraiatzeko edo ezkutatzeko. Lurralde bakoitzeko erreinuek edo gobernuek ziurtatzen zuten metalezko txanpon haiek zenbateko pisua edo zenbateko kalitatea zuten, eta horrek fidagarritasuna eman zion diruari: jendeak konfiantza izan zezakeen diru horren balioaz; eta konfiantza behar-beharrezkoa da merkataritzarako eta salerosketetarako.

Zenbait lekutan, metal baliotsuak erabili beharrean, maskorrak edo gatz-harriak erabili izan dira diru moduan.

Herodoto izeneko aspaldiko historialari greziar baten arabera, metalezko txanponak egin zituen lehen herrialdea Lidia izan zen. Lehen diru hura gure aroa (K.a.) baino lehenagoko VII. mendean agertu zen, gaur egungo Turkia denaren mendebaldean. Lidiako lehen txanpon haiek urrezkoak ziren eta lehoi baten irudia zuten, goian ikus daitekeen bezala. Oso azkar, diruaren erabilera Greziara eta, haien bitartez, Mediterraneo inguruko lurralde guztietara zabaldu zen.

Ehunka eta ehunka urtetan txanponak erabili ondoren, diru-papera edo paperezko dirua hasi zen erabiltzen diru moduan, paper horren truke halako txanpon-kopuru jakin bat jasotzeko berme edo garantiarekin. Diru mota berri hori Txinan hasi zen erabiltzen X. mende aldean; eta, geroago, Suedian, XVII. mendean.

Gaur egungo mundu modernoan, dirua ez da beti izaten eskuan edukitzen den zerbait: jende askorentzat, banku-kontuetan duten zenbakia izaten da duten dirua; beraz, bankuen ordenagailuetan jasota dauden zenbaki batzuk izaten dira gure dirua. Horri esker, diru-txartelak edo baita gure telefono mugikorrak ere erabiltzen ditugu salgaiak erosteko, txanponak edo diru-papera erabili ordez.