Donostia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Donostiako ikuspegia.

Donostia Gipuzkoako udalerri bat da. Gainera, Gipuzkoako hiriburua da eta 2017an 180.558 biztanle zituen. Kantauri itsasoaren ertzean dago, Bizkaiko golkoan. Hego Euskal Herriko lau hiriburuen artean, Donostia da biztanle gutxien dituena; baina haren metropoli-eremuan (Donostia inguratzen duten beste udalerriak kontatuz) 400.000 biztanle bizi dira, gutxi gorabehera.

Hiriaren izen ofiziala Donostia/San Sebastián da. Donostia izenaren jatorria, badirudi latinezko Domine Sebastiane izenetik datorrela. Euskarari begiratzen badiogu, Donostia da biztanle euskaldun gehien dituen euskal hiriburua: % 33,5.

Donostiako biztanleak donostiarrak dira.

Donostia Urumea ibaiaren aho edo bokalean dago, Igeldo, Urgull eta Ulia mendien artean; eta hiru hondartza ditu: Ondarreta, Kontxa eta Zurriola.

Hiriak klima ozeanikoa du. Tenperatura hotzepelak ditu (ez oso hotzak eta ez oso beroak), baina udako eta neguko tenperaturak nabarmenki bereizten dira; hezetasun nabaria izaten du eta euri ugari egiten du urte osoan zehar. Elurra, ordea, oso gutxitan egiten du. Urrian eta martxoan marea biziak izaten dira, hau da, maila handiko itsas gorabeherak.

Donostiako klimograma.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]