Eguberri kanta

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Ingelesezko liburu bateko ilustrazioa.

Eguberri kanta Charles Dickens idazle ingelesaren eleberri ezagunenetako bat da. Lehenengo aldiz argitaratu zenean, 1843ko abenduan, Dickensek uste zuen ongi salduko zela eta horrek bere diru arazoetako batzuk konpontzen lagunduko ziola. Baina ezin zuen aurreikusi liburuak irakurleen artean eduki zuen harrera bikaina, klasiko bihurtzeraino.

Garai hartan, haren eleberriak ez ziren asko saltzen, zorpetuta zegoen eta mantendu beharreko familia bat zeukan: lau seme-alaba eta beste bat bidean; gainera, bere aita ere egoera ekonomiko txarrean zegoen.

Liburuak segituan lortu zuen arrakasta eta aste batean saldu zituen lehen tiradaren ale guztiak. Dickensek, ordea, espero baino diru askoz gutxiago lortu zuen. Liburuaren irakurketa publikoekin, berak zuzenean egindako emanaldietan, zorte handiagoa eduki zuen; Ingalaterran eta AEBetan 127 bat irakurraldi egin zituen jende ugariren aurrean.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberri hau Eguberria gorroto duen Ebenezer Scrooge agure berekoi eta maltzurrari buruzkoa da.

Gabon gau hotz batean, Scrooge ez da atsegin portatzen beretzat lan egiten dutenekin, ukatu egiten da txiroei limosna ematera, eta zakarki tratatzen du bere iloba Fred, hark Gabonak berarekin pasatzera gonbidatzen duenean.

Scrooge etxera iristen denean, Jacob Marley antzinako bazkidearen mamuak bisitatzen du, eta gero beste hiru mamuk; iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko Gabonetako mamuak dira.

Iraganeko Gabonetako Mamuak bere aspaldiko Gabonetatik bidaia bat egitera eramaten du Scrooge, eta honek nolakoa zen ikusten du, zorigaiztoko ume bat hasieran, eta, gero, emaztegaiarekin baino gehiago diruarekin maitemindutako gazte bat.

Orainaldiko Gabonetako Mamuak Bob Cratchit izeneko bere enplegatuaren familia erakusten dio Scroogeri. Bob Cratchiten etxean, Scroogek Tim seme txikia ikusten du, oso gaixorik, baina bihotz handiaren jabea. Mamuak bere iloba Freden Gabonetako ospakizunak ikustera eramaten du, horietara joatera gonbidatua izan baitzen.

Azkenik, Etorkizuneko Gabonetako Mamuak Scrooge izutzen du bere heriotzaren irudiak ikusaraziz.

Denboran zehar mamuek eginarazten dioten bidaiak bere portaeraren okerra erakusten dio Scroogi. Eguberri eguneko goizean esnatzen denean emozioz beteta dago, bere bihotza erabat aldatu da eta dendako indioilarrik handiena erosten du Cratchit familiarentzat, eguna ilobarekin pasatu eta Gabonetako alaitasunaz gozatu aurretik.

Liburuaren asmoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberri honen bidez, Dickensek mezu bat eman nahi zion garaiko gizarte ingelesari, bere kide behartsuenak nola tratatzen zituen erakutsiz. 1843. urtearen hasieran, Dickensek haurren lanari buruzko txosten parlamentarioa irakurri zuen; txosten horretan, langile gazteen lekukotasunak jasotzen ziren, beren lanaldi luzeei, soldata txiki eta lan-baldintza arriskutsuei buruzkoak.

Berak ere txikitan lan egin zuen lantegi batean, bere familiaren egoera ekonomiko latzaren ondorioz; horregatik, Dickens beti sentitu zen klase sozial ahulenetatik hurbil, batez ere umeengandik. Hasiera batean, haur langileen egoerari buruzko txosten bat idatzi nahi izan zuen, baina, aurrerago, fikziozko lan batek bere helburuak lortzeko indar handiagoa izan zezakeela pentsatu zuen: pobreak bizi ziren egoera zaila erakustea, bai eta guztien eskuzabaltasunak haien egoera hobetzen lagun zezakeela ere.

Euskararako itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dickensen liburu hau behin baino gehiagotan itzuli da euskarara; lehenengo aldiz 1931. urtean, Ander Arzelus “Luzear” idazle eta kazetariak egina eta Donostiako El Día egunkariak argitaratua Eguarri Abestia izenburuarekin. 1990ean, Erein argitaletxeak beste bertsio bat argitaratu zuen, Xabier Mendiguren Bereziartuk egina Gabon kanta bat izenburuarekin. 1993an bertsio laburtu bat atera zen, Iñaki Mendigurenek egina eta Elkarlanean argitaletxeak argitaratua baita ere Gabon kanta bat izenburuarekin. Azkenik, Nerea Mujikak egin zuen azken itzulpen bat Eguberri kanta izenburuarekin, Hiria argitaletxeak argitaratua 2003an.