Vikidiatik

Eguzki-energia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Eguzki-panelak etxetako teilatuetan.

Eguzki-energia Eguzkiak ematen duen argi, bero eta bestelako energia-formei ematen zaien izena da. Energia mota hau elektrizitatea sortzeko edota etxeak berotzeko erabil daiteke. Energia berriztagarria da, ez delako agortzen.

Eguzkitik energia elektrikoa ateratzeko, gaur egun halako plaka batzuk erabiltzen dira; eguzki-panelak ere deitzen zaie. Metalez iluneko plaka batzuk izaten dira, kristal batez estaliak; zelula berezi batzuk dituzte, eguzki-argiaren energia elektrizitate bihurtzeko gai direnak. Panel horiek, askotan, etxeetako teilatuetan kokatzen dira, baina baita lursailetan ere, instalazio handiago batzuekin. Panel edo plaka txikiagoak egoten dira bestelako produktu edo gailu batzuetan, hala nola kalkulagailu eta erlojuetan.

Eguzki-energiaren barruan, hiru mota bereizten dira:

  • Energia fotovoltaikoa: Eguzki-panelek eguzki-argia xurgatzen dute eta elektrizitate bihurtzen dute.
  • Energia termikoa: Panelek xurgatzen duten energia panelen azpiko hodietan dagoen airea edo ura berotzeko erabiltzen da; etxeetan, berokuntza-sistemara bideratzen dute ur beroa. Batzuetan, tanke edo ontzi handi batean gordetzen da, geroago erabili ahal izateko.
Panel fotovoltaiko batek nola funtzionatzen duen.
  • Energia termodinamikoa: Panelek xurgatzen duten energiak hodietako ura berotzen du, baina ur hori geroago lurrundu egiten da eta lurrun horrek turbina bat birarazten du; turbina horrek energia elektrikoa sortzen du gero.

Eguzki-energiaren abantailak eta kostua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki-energiak bi abantaila handi ditu erregai fosilen aldean: batetik, eguzkia ez da amaitzen eta, beraz, eguzki-energia agortezina da. Bestetik, ez du kutsadurarik sortzen.

Hala ere, eguzki-energia sortzeko eta almazenatu edo gordetzeko erabiltzen dugun teknologia garesti samarra da oraindik, eta horregatik haren erabilera oso mugatua da oraindik.