Eguzkia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Eguzkia eguzki-sistemaren erdian dagoen izarra da, Lurretik hurbilen dagoena. Izar bat denez, berez sortzen du argia. Eguzki-sistema osatzen duten zortzi planetak, lurra barne, haren biran mugitzen dira, baita asteroide, meteorito, kometa eta beste hainbat objektu ere. Lurrean bizia egon ahal izateko behar den energia iturri nagusia da.

Eguzki-sistemaren errepresentazioa. Planeta eta distantzien neurriak ez daude eskalan.

Duela 4.500 milioi urte sortu zen eta zientzialariek bere biziaren erdian dagoela uste dute.

Eguzkia eta eguzki-sistema Esne Bidea izeneko galaxian daude, haren erditik 25.000 - 28.000 argi-urteko distantziara. 1.392.000 kilometroko diametroa du (Lurrarena baino 109 aldiz handiagoa).

Denbora luzez, Eguzkia su-bola erraldoi bat zela pentsatu zen, baina gaur egun badakigu gas beroz osatuta dagoela. Gas horiek hidrogenoa (%74) eta helioa (%25) dira. Eguzkiak askatzen duen energia (argi eta bero gisa jasotzen duguna) hidrogenoa helio bihurtzen denean sortzen da, fusio nuklear izena duen prozesu batean. Prozesu horretan, 4,25 milioi tona hidrogeno kontsumitzen dira segundoero. Haren tenperatura 5 500° Celsius-ekoa da gainazalean, baina 14 milioikoa haren erdigunean. Eguzkia erraldoi gorri bat bihurtuko da 5 mila milioi urte barrugutxi gorabehera.

Eguzkiak bidaltzen digun energiak ia zortzi minutu behar izaten du, argiaren abiaduran, Lurrera iristeko, hau da, eguzkiaren eta Lurraren artean dauden 149 milioi kilometroak egiteko.

Eguzkiari esker posible izan da bizia Lurrean. Landareak, fotosintesiaren bidez, eguzki-energia baliatzen dute energia kimiko bihurtzeko; energia kimiko horrek azukreak egiteko balio du, eta, horrela, landare eta alga berdeen molekula guztiak sortzeko. Animalia belarjale eta orojaleek landareak jan eta hortik lortzen dute behar duten energia.

Gaur egun, eguzki-panelen bitartez eguzkitik iristen zaigun energiatik argindarra edo elektrizitatea atera dezakegu. Energia berriztagarria da, gas kutsagarririk sortzen ez duena.

Eguzkiak garrantzi handia izan du antzinako hainbat kultura eta erlijiotan, bizi-iturria izanda jainkotzat hartzeraino.