Vikidiatik

Energia nuklear

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Energia nuklearra nola sortzen den.

Energia nuklear edo energia atomikoa atomo baten nukleoa apurtzen denean sortzen den energia da. Atomoak materiaren oinarrizko osagaiak dira, eta nukleoa haien erdigunean dagoen atala da.

Energia nuklearra askatzen denean, beste energia mota batzuen forma hartzen du. Energia mota horiei erradiazioa deitzen zaie; beroa eta argia dira erradiazio-adibide batzuk.

Nola askatzen da energia nuklearra?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energia nuklearra bi prozesuren bidez aska daiteke: fusio nuklearraren bidez eta fisio nuklearraren bidez. Fisioa gertatzen da atomo baten nukleoa bi parte edo gehiagotan zatitzen denean. Aldiz, fusioa gertatzen da bi nukleo elkartzen direnean, nukleo bakarra osatuz. Zenbait atomo motaren nukleoak energia nuklearra jaulki dezakete baita fisiorik edo fusiorik gertatu gabe ere. Atomo horiei erradiaktibo deitzen zaie.

Fusio nuklearra modu naturalean gertatzen da Eguzkia bezalako izarretan. Haietan, atomoak etengabe ari dira elkartzen eta energia nuklearra sortzen. Energia horixe da gure planetak Eguzkitik jasotzen dituen beroaren eta argiaren iturria.

Joan den mendeko 30eko hamarkadan, zientzialariek deskubritu zuten fisio nuklearra lor zezaketela zenbait atomo motarekin. Uranio izeneko substantzia baten atomoekin lan egitean egin zuten aurkikuntza hori. Uranio-atomo baten nukleoa bitan zatitu ahal izan zuten, neutroi izeneko partikula batzuez bonbardatuz. Fisio nuklearrak ikaragarrizko energia handia askatzen du; adibidez, kilo erdi uranioren fisioak 3.000 tona ikatz erretzeak adina energia ekoizten du.

Arma nuklearrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerran (1939-1945), herrialde batzuk energia nuklearra askatuko zuen arma bat aurkitzen saiatu ziren. Bonba atomikoa izan zen ahalegin horien emaitza. Lehen bonba atomikoa Estatu Batuetako armadak jaurti zuen, Japoniako Hiroshima hiriaren gainean, 1945eko abuztuaren 6an; eztandak ia osorik suntsitu zuen hiria eta 70.000 biztanletik gora hil zituen bat-batean.

Geroago, zientzialariek deskubritu dute nola erabili fusio nuklearra are bonba ahaltsuago bat eraikitzeko, hidrogeno-bonba, hain zuzen.

Zentral nuklearrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garoñako zentral nuklearra, Euskal Herritik oso hurbil.

Gaur egun, energia nuklearra helburu baketsuekin erabiltzen da batez ere. Herrialde askotan, zentral nuklearrak daude, elektrizitatea sortzeko. Energia nuklearrak eragiten duen beroa erabiltzen da elektrizitatea lortzeko.

Zoritxarrez, zentral nuklearretan elektrizitatea lortzeko erabiltzen duten prozesuan, hondakin erradiaktiboak sortzen dira; hondakin horien erradiazioa oso kaltegarria izan daiteke, eta gainera haien erradiaktibitateak milaka urte iraungo du. Dena den, zentral nuklearrak seguruak izateko eraikita daude; baina, hala ere, istripuak gertatzen dira.

Adibidez, 1986an, istripu nuklear larri bat gertatu zen Ukrainan, Txernobyl izeneko hiri bateko zentralean; erradiazioa zentraletik kanpora atera zen, eta kalte handiak egin zituen eremu zabal bateko landaretzan eta animalietan, bai eta jende askori ere. Gertatu zen unean, 30 lagun hil ziren, baina, luzarora, zentralaren inguruan bizi ziren milaka lagunen heriotza eragin zuen (2001era arte, 300.000 inguru), Europa erdia kutsatu zuen, eta antzu utzi zuen Ukrainako bertako, Errusiako eta Bielorrusiako eremu zabal bat.

Beste istripu larri bat gertatu zen 2011n Japoniako iparraldean, lurrikara baten eta tsunami baten eraginez. Horren ondorioz, lurralde hartako eremu handi bateko biztanle askok beren etxeak utzi eta beste leku batera joan behar izan zuten bizitzera.