Vikidiatik

Energia termiko

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Eguzki-energia lortzeko zentral termiko bat.

Energia termikoa bero moduan agertzen den energia da. Bero hori gorputzaren molekulak etengabe bibratzen edo mugitzen ari direlako sortzen da. Beroa, gainera, gorputz batetik beste batera transferi daiteke: tenperatura altuagoa duen gorputz batek eta tenperatura hotzagoa duen beste batek elkar ukitzen dutenean, beroago dagoen gorputzaren energia termikoa hotzago dagoen gorputzera transferituko da. Horren ondorioz, batak beroa edo energia termikoa galduko du, eta besteak irabazi. Hori gertatzen denean, bi gorputz horien tenperaturak berdindu egingo dira azkenik. Horri oreka termikoa deitzen zaio.

Nola lortzen da energia termikoa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modu askotara lor daiteke. Sinpleena, eguzkiaren beroa erabiltzea da. Hori da eguzki-energia deitzen duguna; oso garrantzitsua da Lurreko izaki bizidunentzat. Gaur egun dugun teknologiari esker, eguzkiak ematen duen energia termikotik energia elektrikoa atera dezakegu, argindar edo elektrizitatea, alegia.

Bestalde, energia elektrikoak ere energia termikoa garraiatzen du; denok dakigu aparatu elektriko bat entxufatzen dugunean berotu egiten dela. Hori hala da energia elektrikoaren zati bat bero bihurtzen delako.

Beste modu bat erregairen bat (egurra, petrolioa, etab.) erretzea da. Etxea berotzeko erabil dezakegu, edo ibilgailu bat mugiarazteko. Arazo bat du: erregai gehienek kutsadura sortzen dute, modu askotara.

Energia nuklearra ere erabiltzen da energia termikoa eta energia elektrikoa lortzeko; honek ere arazo handiak sortzen ditu hondakin nuklearrengatik.

Lurraren barruan dagoen beroa ere aprobetxa daiteke energia termikoa lortzeko. Honi energia geotermikoa deitzen zaio, lurretik ateratakoa delako (Geo=lurra).

Energia termikoa lortzeko beste modu bat bi gorputzek elkar igurtzitzea da, baina ez dago horretan oinarritutako teknologiarik; aldiz, eskuak igurtzitzen ditugunean, denok dakigu eskuak berotu egiten direla.

Badaude beste modu asko energia termikoa lortzeko; adibidez, erreakzio kimikoek ere energia termikoa ematen dute. Bakterioek ere sortzen dute energia termikoa, materia organikoa deskonposatzen dutenean.