Energia zinetiko

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Bola bakoitzak duen energia zinetikoa beste bolari transmititzen zaiolako mugitzen da bigarren bola.

Energia zinetikoa zerbaiten mugimenduak sortzen duen energia da. Mugimendu hori zenbat eta azkarragoa izan, hainbat handiagoa da mugimendu horrek sortutako energia.

Energia zinetikoa non topatzen dugu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leku askotan. Uretan edo haizean, adibidez. Edota errusiar mendi batean.

Uraren kasuan, gizakiak aspaldi ikusi zuen ibaietako ura mugitzen dela (berez, aldapan behera jaisten ari delako), eta mugimendu hori aprobetxa daitekeela turbina deitzen den gurpil moduko bat ipintzeko; urak turbina hori mugitzen du, eta turbinak, adibidez, errota-harri bat jirarazten du, garia eho eta irina egiteko. Horrela funtzionatzen zuten aspaldiko errotek. Uretatik ateratako energiari energia hidraulikoa ere deitzen zaio.

Haizearen kasuan, haren mugimendua ere aprobetxa daiteke belaontzi bat mugitzeko, adibidez; edota, haize-errotekin gertatzen den bezala, besoak jirarazteko; garai batean, beso horien mugimendua errota-harri bati transmititzen zitzaion, garia ehotzeko eta irina ateratzeko. Gaur egun, berdin funtzionatzen dute energia eolikoa ematen duten sorgailuek, baina ez irina egiteko, Elektrizitate edo argindarra sortzeko baizik.

Errusiar mendietan, bagoiak erpin batetik jaisten direnean, grabitateagatik energia zinetikoa hartzen dute. Mugimenduan dagoen ibilgailu batek ere energia zinetikoa du, eta energia horixe da, adibidez, istripu batean ibilgailua deformatzen duena.