Vikidiatik

Errolda

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Baxuerliebe honetan, erromatarren garaiko funtzionario bat familia bat erroldatzen ari da.

Errolda herrialde batean bizi den jende kopuruaren kontaketa edo zenbaketa da; pertsona horiei buruzko datuak eskaintzen ditu: non bizi diren, zenbat urte dituzten, lana duten edo ez, etab. Gobernuek eta enpresek erroldak erabiltzen dituzte erabaki garrantzitsuak hartzen laguntzeko. Biztanleria ez ezik, etxebizitza, nekazaritza edo industria bezalako gaiak jorratzen dituzten erroldak ere badaude.

Nola egiten dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erroldak garestiak dira eta, egiteko, denbora asko behar dute. Herrialde batzuetako gobernuek 10 urtean behin egiten dute errolda; beste batzuek, berriz, 5 urtean behin.

Erroldako langileek hainbat metodo erabiltzen dituzte pertsona guztiengana iristeko: galdetegiak (galdera asko dituzten liburuxkak) postaz etxera bidaltzen dituzte, eta jendea aurrez aurre edo telefonoz elkarrizketatzen dute. Normalean, oinarrizko galdera batzuk erantzun behar izaten dira, baina beste batzuetan informazio gehiago eskatzen da. Honelako galderak egiten zaizkio jendeari: non bizi den, zenbat urte dituen, ezkonduta dagoen edo ez, eta zenbat seme-alaba dituen. Galderak lana, erlijioa, etnia, hizkuntza eta hezkuntzari buruzkoak ere izan daitezke.

Informazioa bildu ondoren, erroldako langileek sailkatu eta aztertzen dute. Informazioa txostenetan jartzen dute, biztanleriaren ezaugarri desberdinak erakusteko. Erroldetan, adibidez, landa-eremuan eta hirietan zenbat pertsona bizi diren ikus daiteke; edo lurralde jakin bateko familien batez besteko tamaina zein den erakutsi dezakete.

Zertarako egiten dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernu askok erroldaren emaitzak erabiltzen dituzte herrialdeko leku guztiak gobernuan berdin ordezkatuta edo errepresentatuta daudela ziurtatzeko. Biztanle gehiago duten lurraldeek ordezkari gehiago izan ditzakete parlamentuan (organo legegilea). Gobernuek herritarrei zerbitzuak emateko gida moduan erabiltzen dute erroldetako informazioa; adibidez, gobernuak haur asko dauden lekuetako ikastetxeetara diru gehiago bidera dezake.

Zenbait enpresak produktuak eta zerbitzuak saltzeko erabiltzen dituzte erroldako emaitzak. Leku bakoitzean zer salduko duten erabakitzen dute, bertan bizi den jende motaren arabera. Adibidez, jendeak diru gehiago irabazten duen lekuetan saiatuko dira enpresak auto garestienak saltzen, seguru aski.