Erromatar inperioaren gailurra

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Traianoren omenez eraikitako zutabea oraindik ikus daiteke Erroman.

Erromatar Inperioa bere garaian munduan egon zen egiturarik indartsuena izan zen ikuspegi politiko, ekonomiko, kultural eta militarretik begiratuta; historian zehar egondako inperiorik handienetako bat ere izan zen. Horrela, Traiano enperadorearen garaian (gure aroko I. eta II. mende bitartean), 5 milioi km² zituen eta 70 milioi biztanletik gora zituen, hau da, mundu osoko biztanleetatik %21 inguru. Haren hedadurari eta iraupenari zor zaie latin eta greziera hizkuntzek, haien kulturak, erlijioak, arkitekturak, filosofiak eta lege edo zuzenbideak mundu osoan izan duten eragin handia ere.

Traiano 98. urtean enperadore bihurtu zenean hasi zen Erromatar Inperioaren urrezko garaia; une horretan lortu zuen Erromak bere garapen eta distirarik handiena. Traianok 19 urtez agindu zuen, haren ondorengoak, Hadrianok 21 urtez, gero Antonino Piok 23 urtez eta,azkenik, Marko Aureliok 19 urtez.

Traianok lortu zituen Erromaren azken konkistak (Dazia, Arabia eta Mesopotamia) eta horrela izan zuen Erromatar Inperioak bere hedadurarik handiena. Hadriano enperadoreak, aldiz, erabaki zuen Inperioa ezin zela gehiago zabaldu, eta haren menpeko lurraldeen kohesioa sendotzeko garaia zela; bidaiari nekaezina izanik, probintzia guztiak bisitatu zituen, haien mugak ziurtatzeko.

Gure aroko II. mende horretako enperadoreen agintaldiak luzeak eta onuragarriak izan ziren, eta hiltzen zirenean haien ondorengotza bakean gertatzen zen. Gerra zibilak atzean geratu ziren eta inperioak oreka sendoa lortu zuen. Izan ere, II. mendea Erromatar Inperioaren urrezko garaia izan zen; mende horretan, eraikuntza handiak egin ziren inperio osoan, eta bakeak aberastasun ekonomikoa eta loraldi kultural aipagarria ere ekarri zituen.

Ikusi hauek ere[aldatu | aldatu iturburu kodea]