Esopo

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Dortoka eta erbiaren alegia, Esoporen alegiarik ezagunenetako bat.

Esopo Antzinako Grezian bizi zen alegia-egile bat izan omen zen; K.a. VII. eta VI. mendeen artean bizi izan omen zen. Oso ezagunak diren alegia asko Esopok idatzi edo asmatutakoak direla esaten da; hala ere, orain badakigu ipuin herrikoi horietako asko zaharragoak izan daitezkeela, eta litekeena ere bada Esopo inoiz existitu ez izana. Dena den, alegia horiek gaur egun oraindik erabiltzen dira haurrei irakasteko.

Esoporen alegiak ziur aski ahozko literaturako kontakizunak ziren, hau da, ozenki kontatzen ziren ipuinak eta istorioak. Duela 2000 urte inguru, Fedro idazle erromatarrak alegia horietariko batzuk idatzi zituen. Geroago, istorioak beste hizkuntza batzuetara itzuli ziren, baita euskarara ere. Alegia gehienak animaliei buruzkoak dira; baina animalia horiek gizakion ezaugarriak dituzte, eta istorio gehienak irakaspen batekin amaitzen dira.

Txitxarra eta inurriaren alegia.
Esoporena omen den alegiarik ezagunenetarikoa dortoka eta erbiarena da. Ipuin horretan, erbiak dortokari erronka jotzen dio lasterketa bat egiteko. Erbia ziur dago irabaziko duela, badakielako askoz azkarrago egiten duela korrika; hori dela eta, lasterketaren erdian lo-kuluxka egiten du. Esnatzen denean, ordea, han non ikusten duen dortoka helmugara iristen ari dela. Ondorioz, alegia horrek irakasten du ez garela erbia bezalako harroputzak izan behar, eta saiatuak izan behar dugula, dortokaren antzera.