Vikidiatik

Espazio-hegaldi

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Astronauta bat espazioan.

Espazioko bidaia astronautek Lurraz kanpoko espaziora bidaiatzen dutenean edo hara zerbait bidaltzeko egiten den bidaia da. Espazioa Lurraren gainetik 80 eta 100 kilometro artean hasten da, gutxi gorabehera.

Gizakiak aspalditik amets egiten zuen ilargira hegan egitearekin. XIX. eta XX. mende hasieran, literaturak lehendabizi eta zinemaak gero, hainbat aldiz egin zituzten horri buruzko istorioak; adibidez, Jules Verne izeneko idazle frantses batek abenturazko eleberri oso ospetsu bat ere idatzi zuen 1865ean, Lurretik ilargira izenburuarekin. Eta H. G. Wells izeneko idazle britainiar batek Lehen gizakiak ilargian (First Men in the Moon) izenburuko liburua plazaratu zuen 1901ean. Eta, horietan oinarrituta, film oso ospetsu bat egin zen 1902an, Ilargirako bidaia (Le Voyage dans la lune, George Méliès).

Espaziorako benetako bidaiak, ordea, ez ziren XX. mendera arte hasi; lehen suziria Alemaniak jaurti zuen espaziora 1942an.

1957an, Sobietar Batasunak, gaurko Errusiak, lehen satelitea jaurti zuen espaziora: Sputnik izena zuen eta Lurra hainbat aldiz orbitatu (inguratu) zuen. Geroago, errusiarrek lehen izaki bizidun bat, Laika izeneko txakur eme bat zehazki, jaurti zuten espaziora Sputnik 2 izeneko satelite batean; bidaia horren bidez, errusiarrek ikusi nahi zuten ea gizakientzat posible ote zen grabitaterik gabeko egoera batean bizirik irautea; Laika txakurra bidaia hartan hil zen, baina espazio-bidaien teknologia ez zegoelako oraindik oso aurreratuta. Eta, nolanahi, bai frogatu ahal izan zen izaki bizidun batek, gizaki batek bereziki, bizirik iraun zezakeela horrelako bidaia bat egitean.

Horren ondoren, hain zuzen, 1961ean, gizaki batekin egindako lehen espazio-bidaia etorri zen; Juri Gagarin zuen izena, eta Sobiet Batasunak bidali zuen espaziora.

Estatu Batuek ere egin zituzten bidaia espazialak. 1969an, lehen astronautak bidali zituzten Ilargira, Apollo 11 izeneko misioan. Gaur egun, gizakiak Marte planetara bidaltzeko asmoa ere badago, baina hori askoz zailagoa da, planeta hori Ilargia baino askoz urrunago dagoelako.

1980. urtetik aurrera, espaziorako bidaietan beste era bateko espazio-ontziak behar zirela pentsatzen hasi zen; zehazki, espaziora atera eta gero Lurrera hegazkin bat bezala lurreratu zitekeen espazio-ontzi bat, merkeagoa ere izango zena. Ordura arte jaurtitako suziriak behin bakarrik erabil zitezkeen. Amerikarrek, berriz, Lurrera itzuli eta bidaia bat baino gehiago egin zezakeen espazio-ontzi bat asmatu zuten; shuttle edo espazio transbordadorea deitu zioten. Dena dela, transbordadorea Lurrera itzultzen zen bakoitzean, hainbat konponketa behar izaten zituen, eta, beraz, berehala ikusi zen espazio-ontzi berri hauekin egindako bidaiak ez zirela benetan merkeago ateratzen.

Gaur egun, espazioko bidaiak bereziki garrantzitsuak dira espaziora sateliteak bidaltzeko. Satelite horietako batzuek Lurreko klima aztertzen laguntzen digute, telefono deiak egiteko edo telebista ikusteko ere behar ditugu, edota autoan edo telefonoetan ditugun GPS nabigatzaileak erabiltzeko.

Azkenik, 1998az geroztik, espazioan badago Nazioarteko Espazio Estazioa delakoa; estazio hau Lurraren orbitan dagoen ikerketa-zentro bat da, iraunkorra, hau da, orbita horretan jarraitzen duena; etengabe dago tripulatuta, hau da, bertan astronauta-taldeak eta ikertzaileak daude denbora guztian, baina talde bakoitza denbora-tarte baterako bakarrik. Talde bakoitzak, espazioan dauden bitartean, esperimentu zientifikoak egiten dituzte.